Korrika kulturala bertso antzerki, mus eta briska artean hasi da
Ikuskizun entretenigarri eta dibertigarria antzeztu zuten Uhagonen Itxaso Paiak eta Eneko Arratek. Korrikaren lekukoa herritarrekin elkarbanatuko du udalakKorrika kulturalaren baitan, Petresku, etzi ez etsi! bertso antzerkia antzeztu zuten domekan, Mar...
Ikuskizun entretenigarri eta dibertigarria antzeztu zuten Uhagonen Itxaso Paiak eta Eneko Arratek. Korrikaren lekukoa herritarrekin elkarbanatuko du udalak
Korrika kulturalaren baitan, Petresku, etzi ez etsi! bertso antzerkia antzeztu zuten domekan, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean Itxaso Paia eta Eneko Arrate aktoreek. Kultur aniztasunean oinarritutako ikuskizun entretenigarri bezain dibertigarria eskaini zuten umorea, bertsoak, antzerkia eta musika uztartuta.Beste gaztetxo askok bezala, Laida errumaniarra Euskal Herrira etorri da bere familiagaz, bizi berri bat hastera. Hasierak ez dira errazak, baina Laidak euskaraz zein bertsotan egiten ikasten du, guztien laguntzagaz. Laidari laguntzeko abestu eta errimak ere egin zituzten Uhagonen bildutako ume, gazte eta helduek.
Bertso antzerkiagaz gainera, mus eta briska txapelketak ere jokatu ziren zapatuan, Akerbeltz gaztetxean. Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatutako briska txapelketaren irabazleak Maite Leturiondo eta Juanita Aranzeta izan ziren; musekoak, berriz, Juan Ignacio Gallastegi eta Josu Olabarria.
Beste alde batetik, Markina-Xemeingo Udalak Korrikaren kilometroa herritarrekin elkarbanatzea pentsatu du. Horrela, apirilaren 5ean, Korrika herrian sartzen denean, herritar batek eramango du lekukoa. Horretarako, izena eman behar da aldez aurretik.
Zozketa bihar
Izena emateko komunikazioa@markina-xemein.eus helbidera mezua bidali behar dela jakitera eman du udalak, edo bestela, 94-616 74 54 telefono zenbakira deitu daiteke. Izena emateko azken eguna etzi izango da, eta zozketa barikuan egingo dute.
Markina-Xemeingo AEK-k jakitera eman duenez, bihar, 19:30ean egingo dute euskaltegian herriko kilometroen zozketa. Bestalde, apirilaren 4rarte irekita egongo da Korrika denda. Artibai kalean jarri dute, Luzitxu dendaren ondoan, Udal arraindegiaren parean. Denda astelehenetik barikura egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara, eta zapatu eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara.