Mutrikuko Yurrita Group enpresako kideek jaso dute Berdel Aipamena
Herriko kontserba enpresak 150 urte bete dituela eta, Mutrikuko Udalak saritu egin nahi izan du. Enpresako kideek belaunaldiz belaunaldi egindako lana aipatu duteBelaunaldiz belaunaldi egindako lana aitortuaz eta langile izan diren eta direnen lana gor...
Herriko kontserba enpresak 150 urte bete dituela eta, Mutrikuko Udalak saritu egin nahi izan du. Enpresako kideek belaunaldiz belaunaldi egindako lana aipatu dute
Belaunaldiz belaunaldi egindako lana aitortuaz eta langile izan diren eta direnen lana goraipatuz jaso zuen joan den asteko barikuan Mutrikuko Yurrita Group kontserba enpresak aurtengo Berdel Aipamena.Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatearen eskutik jaso zuten saria enpresako zuzendaritza taldeko kideek. Baina sari preziatua hartzeko Yurrita enpresako zuzendaritza ez zen bakarrik egon Mutrikuko udaletxean egindako ekitaldian; aretoan egon ziren baita ere urte askoan Yurritan lan egin dutenak eta gaur egun Yurritaren alor ezberdinetan lan egiten duten asko eta asko. «Eskerrik asko Yurrita osatzen dugun guztion izenean», esan zuten.
Ekitaldiaren hasieran, Lizardik Berdel Egunaren eta Berdel Aipamenaren inguruko azalpenak eman zituen. «Gaur egun, Berdel Egunak lekua hartu du herrian eta baita herritik kanpo ere. Eta Berdel Aipamenak herritik kanpo horrenbesteko oihartzuna ez badauka ere, herrian bertan garrantzia dauka. Azken finean, sari honek Mutrikuren alde lan egin duena/dutenak aitortzea du helburu. Eta askotariko arrazoiak tarteko, Yurrita Group izan da aurtengo sariduna». Alkateak, gainera, argi utzi nahi izan zuen saria enpresako langile guztiena dela.
Yurritakoen hitzak
Juan Yurritak bere arbasoek egindako lana goraipatu eta enpresaren ibilbidea errepasatu zuen. Halaber, gaur egun Yurrita 120 langilek osatzen dutela azaldu zuen.
Jorge Yurritak enpresako langile guztiak aipatu nahi izan zituen. Izan ere, 150 urte bete ahal izateko, arraunean bezala batera lan egin behar dela azpimarratu zuen. «Erreleboka korrika egiten den modura, nork bere zatia ondo egin behar du, eta lekukoa hartu behar duenari gauzak ondo eginda eman behar zaizkio».
Azkenik, Delia Mansizidor Yurritaren antxoa ekoizpeneko langileak eskerrak eman zituen langile guztien izenean: «Eskerrik asko Yurritan lan egiten dugun guztion izenean».