Berriatuako Garapen Ekonomikoko Lan Mahaia bilduko da bihar
Aurreko astean Berriatuko 3. sektoreko lan mahaia bildu zen, eta bihar nekazaritza eta abeltzaintza eta industria sektoreetako ordezkariekin batuko dira udal ordezkariak eta Lea Artibai Garapen Agentziaren teknikariak.
18:00etatik 20:00etara Leartibai Garapen Agentziako kideek udalerriko garapen ekonomikoari buruz egindako diagnostikoa azaldu eta aztertuko dute udaletxean.
Parte hartzeko asmoa dutenei telefonoz edo emailez baieztatzeko eskatu diete (egalletebeitia@leartibai.com / 94-616 90 88/ 688 61 24 06).
Aurreko eguenekoan legez, biharkoan ere ahalik eta herritar gehienek parte hartzea espero dute. Izan ere, sektore guztietako ordezkariekin ez ezik herritar denekin batu gura dute, denen parte hartzea “giltzarri” delako. Beraz, ikasle, langabetu zein jubilatuek ere parte hartu ahal dute biharko lan mahaian.
Hain zuzen ere, zerbitzuen sektoreko lan mahaiaren balorazio oso positiboa egin dute. Herriko bost negoziotako ordezkariek parte hartu zuten bileran, eta horiei sektorearen diagnostikoa azaldu, eta bertan zehaztu dituzten ahulguneei eta indarguneei buruzko azalpenak eman zizkieten. “Talde dinamiketan parte hartu zuten. Beste hiru negozioetako kideek ezin izan zuten etorri, eta parte hartzeko gogoarekin geratu zirela esan digute”.
Biharko lan mahaian aurreko astean parte hartu zuten 3.sektoreko kideek esandakoak gogora ekarriko dituzte. Diagnostikoa azaltzean, besteak beste, 2030. urtera begira zelako Berriatua nahi luketen galdetu zieten bertaratutakoei.
Hurrengo pausoa, hitzetatik ekintzetara pasatzea izango da. Horretarako, apirilean zehar erronkak eta ekintzak definituko dituzte, “gauza errealak”. Horrela, denen artean ekintza plana zehaztuko dute, orain ateratako ondorioetatik erronka eta ekintza zehatzetara pasatu ahal izateko.