Dominguezek urrezko domina irabazi du Bizkaiko Txapelketan
Iker Gimenez sestaoarra mendean hartu du junior kategoriako pisu arinean. Apirilaren 8an Soraluzen jokatuko du Euskadikoa. Dominguez aitak zilarrezko domina jantzi duAndoni Dominguezek junior kategoriako pisu arineko urrezko domina lortu zuen zapatuan....
Iker Gimenez sestaoarra mendean hartu du junior kategoriako pisu arinean. Apirilaren 8an Soraluzen jokatuko du Euskadikoa. Dominguez aitak zilarrezko domina jantzi du
Andoni Dominguezek junior kategoriako pisu arineko urrezko domina lortu zuen zapatuan. Bilboko Kirol Klubaren frontoian lehiatu zituzten Boxeo Olinpikoko kategoria desberdinetako finalak, eta bermeotarrak Iker Gimenez mendean hartzea lortu zuen.3 minutuko hiru borrokaldi egin zituzten, eta epaileek hirugarrenean eman zioten garaipena. Urduri egon arren, ring-era gogotsu igo, eta gogor borrokatu zuen. «Hasieran urduri egon arren, borrokaldi oso ona egin zuen. Duen adinerako ederto moldatzen da», dio Andoni Dominguez aitak.
Espainiakoa helburu
Iaz Bizkaiko eta Euskadiko Txapelketak irabazi zituen, eta Espainiakoan brontzezko domina eskuratu zuen. Haren helburua aurten hirurak irabaztea da: «Espainiako Txapelketa irabazteko gogo eta ilusio handia du».
Apirilaren 8an Soraluzen (Gipuzkoa) jokatuko du Euskadiko Txapelketa, eta Espainiakoa udan izango da, baina, oraingoz, ez dituzte ez lekua ez eta data ere zehaztu.
Bestalde, Dominguez aitak Asier Martinen kontra borrokatu zuen elite mailako pisu ertaineko finala, eta epaileen iritzi desberdinen ostean, Martini eman zioten garaipena. Erabakia ez zuten aho batez hartu; bi epailek Martinen alde egin zuten, eta beste batek Dominguezen alde.
Dominguezek garaipena merezi zuela uste du: «Erabakiak harritu ninduen, eta baita ikusleek ere. Publikoa ere ez zen ados egon, eta kontrako txistu eta oihu asko entzun ziren frontoian». Dioenez, irabazle sentitu zen. Lehen borrokaldia lehiatua izan zela azaldu du, baina bigarrenetik aurrera aurkaria baino hobeto moldatu zela argi dauka.
Laugarren finala
Laugarren urtez jarraian borrokatu du finala, eta oraingo honetan irabaztea espero bazuen ere, egindako lanagaz «harro» dago, eta orain arte moduan boxeoagaz gozatzen eta entrenamenduekin zein borrokaldiekin gozatzen jarraitzeko gogotsu dagoela nabarmendu du: «Txapel- ketaren kanporaketak aurkari gogorren kontra izan dira, eta finalerako motibazio berezia neukan. Baina galdu arren adoretsu jarraitzen dut».
Bermeotarren babesa
Bermeotik zale asko joan ziren Bilbora, eta Dominguezek haien babesa eta animo oihuak eskertu ditu: «Semea hasieran urduri egon zen, bazekielako senide, lagun eta ezagun asko zeudela, baina, aldi berean, horrek borrokatzeko gogo eta indar handiagoa eman zion».
Aita-semeek leku eta egun berean borrokatzen zuten bigarren biderra izan zen, eta esperientzia «polita eta ahaztezina» izan dela azpimarratu dute.
Gainera, haien klubak eskuratu ditu domina gehien; urrezko lau domina (hiru junior mailetan eta bat gazte mailan) eta zilarrezko bi (elite eta gazte mailetan) lortu dituzte.