Herrigunean ibilgailuen zirkulazioa baretzeko proiektua lantzen ari dira
Astelehenean ekarpenak jasotzeko bilera egingo dute. Proiektua aurten idatzi, eta datorren urtean lanak burutu nahi ditu Eako Udalak. Leku gehiago egokitu nahi dituzte oinezkoentzatEako herriguneko ibilgailuen zirkulazioa baretu, oinezkoei leku gehiago...
Astelehenean ekarpenak jasotzeko bilera egingo dute. Proiektua aurten idatzi, eta datorren urtean lanak burutu nahi ditu Eako Udalak. Leku gehiago egokitu nahi dituzte oinezkoentzat
Eako herriguneko ibilgailuen zirkulazioa baretu, oinezkoei leku gehiago eman, eta horien iriste erraztasuna bermatzeko lanen proiektua lantzen ari da Eako Udala.Aurre-proiektua egiteko herritarren iritzia kontuan hartuko dute, eta horretarako lehen bilera irekia egin zuten domekan. Orduan udalaren proposamena zein den azaldu zuten, eta astelehenean egingo duten bigarren lan saioan eatarren ekarpenak jaso nahi dituzte. 19:00etan batuko dira, Eskolondon.
Aurre-proiektua idatzi, eta Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztuko dute. Herrigunea zeharkatzen duen errepidea aldundiarena da, beraz, errepide zati bat udalaren esku uzteko hitzarmena sinatu beharko dute.
Udal ordezkarien nahia aurten proiektua idatzi, eta lanak datorren urtean egitea da.
Herrigunea zeharkatzen duen errepidea eta espaloia maila berean jarriko dituzte, oinezkoen iriste erraztasuna bermatuz. Errepidea eta oinezkoen gunea bereizteko espaloiak kolore desberdina izango du, eta abiadura mugak hormigoian zehaztu eta abiadura murrizteko sakanguneak jarriko dituzte. Halaber, bi stop seinale jarriko dituzte.
Era berean, lanekin Donibane Enparantzari plaza itxura eman gura diote.«Hau izan da beti Eako plaza, baina foru-errepidea pasatzen da erditik, eta plaza itxurarik ez dauka, eta ez du plaza funtzioa betetzen», azaldu du Iratxe Arriola Eako alkateak.
Udaletxe aurrean hiru aparkalekuak kenduko dituzte. «Ahal den neurrian espazio horretatik autoak atera nahi ditugu, eta oinezkoentzat leku gehiago utzi».
Aparkalekurako sarbidea noranzko bakarrekoa izatea da udalaren asmoa. Hau da, udaletxe paretik izango du sarrera, eta beste aldetik irteera.
Domekako bileran, herritarrek ideia bat hartzeko, errepidea eta oinezkoen gunea zeintzuk izango liratekeen zehaztu zuten. Horrekin batera, oinezkoen gunean jarri litezkeen altzairu zein landareei buruz berba egin zuten: jarlekuak, iturriren bat, arbolak, loreak… «Ibilgailuei espazioa mugatuta, plaza batetik pasatzen ari direla ikusi dezatela».
Bileretan parte hartzea garrantzitsua dela nabarmendu du Arriolak: «Orain da ekarpenak egiteko momentua, ez lanekin hasten garenean. Proiektua funtsean gaur egun egiten duguna planoetan zehaztea da».
Aldundiaren proposamena
Aldunditik haiek egin duten aurre-azterketa bidali dute udalera. Proposamen horretan ibilgailuen zirkulazioa bideratzeko semaforoak jartzea jaso dute, baina udal ordezkarien iritziz semaforoak ez dira egokiak herrigunerako. «Gure iritziz bazterguneekin ondo funtzionatuko dugu. Beste proposamen bat egiteko esan digute, eta uste dugu gurea onartuko dutela».
Aldundiaren memoria baloratuan lanek 102.000 euro inguruko kostua izango lukete (BEZ barne), eta kopuru hori haiek jarriko lukete. Hortik gorakoa udalak jarriko luke.