Markina-Xemeinek eskaintzen dituen milaka aukera bisitariei ezagutzera emateko lanean jarraitzen du herriko Turismo Mahaiak. Herriko planoa argitaratu zuten iaz, turistek, batetik bestera lasai asko ibilita, txoko interesgarri batzuk euren kabuz atzemateko. Orain, berriz, informazio osatuagoa ere eskura jarri diete kaleratu berri duten
Turistarentzako Liburuxkarekin.
Herriko planoa, argazkiak, zerbitzuen informazioa –non jan, non lo egin–, zer ikusi edo zertaz gozatu dezakeen azaldu nahi izan diote bisitariari esku artean erabiltzeko liburuxka guztiz erabilgarri baten bidez. Aspaldiko urteetan herrian asko gehitu diren erromesei begirako atala ere barneratu dute, izan ditzaketen premiak aurreikusiz, podologia zerbitzua eta masajistak besteak beste.
Markina-Xemeingo Turismo Mahaiko kide batzuk Uhagonen bilduta. Argazkian, eskuinetik ezkerrera: Leire Markuerkiaga, Gorka Fundazuri, Jabier Arrate, Aintzane Gandiaga, Bidatz Basterretxea, Tere Bringas eta Isa Mandiola.
«Beste herri batzuetako ereduak ikusi eta herriratu egin dugu proiektua», azaldu dute Turismo Mahaiko kideek. Diseinuari ere garrantzi handia eman diote, liburuxka turistarentzako
erakargarri eta erabilterraza izateko. Horrela, beharrezko testua besterik ez darama, irudi askorekin. «Euskara du oinarri, baina ingelesa, frantsesa eta gaztelania ere gehitu diogu».
Guztira,
3.000 liburuxka argitaratu dituzte, eta herriko hiru informazio guneetan daude bisitarien eskura:
udaletxean,
Uhagon kulturgunean eta
Herri Bibliotekan. Horrez gain, herriko ostatuetara eta inguruko herrietako informazio bulegoetara ere eramango dituzte ale batzuk, eta dendaren batek ere bere saltokian eduki nahiko balitu eskaria egin ditzakeela nabarmendu dute.
Turistarentzako Liburuxka.
Webgunea bidean. Turismo produktuak gauzatzeko argazki bilketa bat egiten ari direla azaldu dute Turismo Mahaiko kideek, eta ez dituzte
eskerrak emon barik utzi nahi izan liburuxkarako materialea utzi duten herritarrak. «Borondate guztiagaz egindako ezinbesteko ekarpena eskertu nahi diegu», azpimarratu dute.
Bigarren proiektua kalean, hurrengoari begira jarri da Turismo Mahaia. Proposamenen artean turismoari begirako webgunea daukate, eta hasita daude lanean.
Bestalde, Turismo Mahaia
zabalik dagoela gogorarazi dute, eta gonbidapena luzatu diete nahi duten guztiei. Argazkiak bidaltzeko edo kontakturako helbide elektroniko bat ere sortu berri dute:
turismo@markina-xemein.eus.