Kalitate tekniko handiko eta modu oso argian ikusten diren dozenaka grabatu aurkitu zituzten ADES espeleologia taldeak 2016ko maiatzaren 1ean Lekeitioko Armintxe koban. 14.000 urte inguruko multzo harrigarria urrian eman zuen ezagutzera Bizkaiko Foru Aldundiak. Jakin-min handia sortu du aurkikuntzak, baina, tira-birak ere eragin ditu taldearen eta erakundearen artean. 2016ko irailetik ezin izan dira kobazuloan sartu aurkitzaileak.
Nola izan zenuten Armintxeren berri?
Koba horren berri bagenuen jendeak kontatuta, gertatzen dena da Lekeition mila koba daudela eta ez geniola garrantzi berezirik eman, hasieran. 2013an aurkitu genuen, obra hondakin batzuekin estalita, baina ez genuen desestali leku arriskutsu batean eta umeak pasatzen diren bide batean zegoelako. Baina, gerora egin izan ditugun aurkikuntzekin eta Lea Ibarraren inguruan agertzen hasi diren arrasto arkeologikoak ikusita, aztertzea merezi zuela erabaki genuen, eta zer edo zer agertu zitekeenaren susmoa genuenez, AGIRI Arkeologia Elkartekoak gonbidatu genituen.
Nola aurkitu zenuten labar-arte multzoa?
Aztarnategi arkeologikoak nahiko sarri aurkitzen dira, gertatzen dena da hau bereziki garrantzitsua izan dela. Egun berean koba zabaldu, aztertu eta itxi egin behar genuen. Horrela, sistematikoki egiten dugun bezala, hondakinak ateratzen, miaketak egiten, mapa topografikoak egiten, argazkiak ateratzen, lagin biologikoak hartzen… ibili ginen. Horretan genbiltzan irudiak dauden lekura heldu ginenean. Berehala kanpora atera eta arkeologoa eraman genuen lekua ikustera eta aurkikuntza ziurtatzera.
Oier Gorosabel ADES espeleologia taldeko kidea
Horrenbesteko aurkikuntza garrantzitsua izango zenik espero zenuten?
Ez guk ez inork ere ez, ez da eta ohikoa izaten horrelakoak aurkitzea. Armintxeko aurkikuntzak gainera, badauka berezitasun bat, pinturak oso ondo ikusten dira. Azken urteetan egindako aurkikuntza askotan esaten dizute hau bisonte bat da, baina begiratuta ez duzu ondo hautematen. Armintxeren kasuan, berezitasuna hori da, hain zuzen ere, panel nagusi horretan dauden irudiak edozeinek ikusteko modukoak dira, agerian daude. Hala ere, dena ikertzeko dago. Arkeologoek azterketa sakon bat egin behar dute gero ondorioak ateratzeko, eta azterketa hori egin barik dago oraindik. Beraz, dagoen guztia espekulazio hutsa da, ezin da hartu ziurtzat ezer, baina itxurak badaude. Bi edo hiru urte igaroko dira aurretiazko emaitzak eduki arte.
Zelakoa izan zen lehenengo inpresioa?
Lehenengo unean txarto pasatu genuen. Miresmena sortu zigun alde batetik, eta bestetik, kezka eragin zigun, handik korrikan ateratzeko gogoa. Momentuan ez dozu sinisten, baina segituan konturatu ginen ohikoak ez diren irudi batzuk zeudela, zeinu klabiformeak esate baterako.
Nolakoa da koba barrutik?
Koba nahiko handia eta luzea da. Galeria luzea dauka, kilometro bat ingurukoa, sare forman. Gaur egun Lekeition ezagutzen dugun koba sistemarik handienetakoa izango da. Pasabide estuak ditu, baina gela handiak eta erreka bat ere badago. Momentu honetan bost solairu aztertu ditugu, baina azterketa etenda dago. ADES espeleologia taldekoak, pinturak aurkitu genituenak, ez daukagu koban sartzerik.
Zergaitik debekatu dizuete sarrera?
Teorian ez digute debekatu; lanen planifikazioaren zain gaude. Baina praktikan, ez digute kobara bakarrik sartzen utzi nahi, hondatuko dugulakoan. Administrazioak, erabakiak hartzerako orduan, ez ditu espeleologoak aintzat hartzen, gutxietsi egiten gaituzte. Geologo, arkeologo, biologo profesionalekin… lan egiten dute, eta gu profesionalak ez garenez, beti geratzen gara bazterrean. Baina profesionalek bere eremua menperatzen dute soilik, ez beste espezialitateak, eta ez dakite koba barrutik mugitzen, bere burua eta aztarnategia arriskuan jarri barik. Espeleologoak, berriz, arlo guztiak lantzeko gai gara eta, jakina, koba barrutik profesionalak baino seguruago mugi gaitezke, aztarnategiaren mesederako. Gure laguntza ezinbestekoa dute. Baina denboraz abisatu behar digute, denok daukagu-eta beste lanbide bat, bata sukaldaria da, bestea igeltseroa eta bestea abokatua. Ezin digute deitu egun batetik bestera joateko esanez, ezin dugu horrela funtzionatu, eta hori da eurak eskatzen digutena, gu morroiak izatea, nahi dutenean deitu eta joatea, eta funtzionatzeko modu horrekin bat ez gatozenez, ez gaude gaur Armintxen. Espeleologo afizionatuen papera erreibindikatzen gabiltza, espezialisten eremu horretan gu lankidetzat hartzea, ez morroitzat.
Zenbat denbora eduki zenuten koba aztertzeko?
Sei astez ibili ginen bakarrik kobazuloa aztertzen, joan den urteko udan. Harrez gero giltzak kendu zizkiguten. Bost solairu aztertu ditugu orain arte, gehiago egin daiteke, baina ezin izan dugu esplorazioekin jarraitu. Bost solairuetatik beherengoena erreka da. Errekagaz ere arazo handi bat dago.
Zein da arazoa?
Erreka horrek ez du bidea libre. Antzina, bide bat zuen, eta erreka alde batetik sartu eta beste bide batetik irteten zen. Baina urteetan egindako obren ondorioz, errekari irtenbidea itxi egin zaio. Beraz, erreka, euri denboretan, hazten joaten da eta kobazuloa urez betetzen du ezin du-eta sartzen den ur guztia drainatu. Ondorioz, urak azpian hartzen ditu pinturak, eta joan den urtean detektatu genuenagatik, ura, justu-justu, panel nagusiaren ertzera heltzen da. Panela zikintzera ez da heldu oraindik, baina urari irtenbide bat ematen ez bazaio helduko da egunen batean.
Zein izango litzateke konponbidea?
Urari irtenbide bat emateko, kobazuloa guztiz esploratu behar da eta lanak egin behar dira bertan, eta momentu honetan lan horiek geldirik daude. Uholde markek seinalatzen digute euri denboretan urak koba barruan daukan portaera, eta horren arabera ondorioztatzen ditugu gauzak. Lan garrantzitsua izango litzateke Armintxe barruan portaera hidrologiko hori monitorizatzea.
Beste arazorik sor dezake ur horrek?
Lekeitioko eskoletan euri denboretan uholdeak egoten dira. Mendiko bazterretik irteten hasten da ura. Ur hori irteten hasten denean badakigu Armintxeko beheko galerietako zaldi guztiak urpean daudela. Uholdea sortzen duen galeria ere sedimentuz betetzen ari da; guztiz buxatzen denean, eskolako uholdeak amaituko dira. Baina urak beti bidea aurkitzen duenez, arazoa gutxien uste den lekuan agertuko da: uholdeak, lur mobimenduak… Eta gainera, grabatuak pikutara joango dira.
Zertan dabil ADES orain?
Armintxe muinoaren hidrogeologia eta beste kobak aztertzen jarraitzen dugu. Gainera, gure ustez zentzuna nagusituko da, eta aztarnategiko lanak ere amaitzeko aukera izango dugu. Izan ere, aldundia eta biok elkar ulertzera kondenatuta gaude. Gu lana ondo egiteko zaleak gara eta lana ondo egiteko zaletasun horren baitan dago aztarnategi arkeologiko bat aurkitzen denean babestea, katalogatzea eta jakinaraztea, kasu honetan Bizkaiko Foru Aldundiari.