Udalak eta herritarrek Bengolan atseden gunea sortzea erabaki dute
Gune berdeei buruzko parte hartze prozesuaren barruan zapatu honetan erabakiak hartuko dituzte. Horregaz batera, aurtengo aurrekontu-zirriborroa aurkeztuko duteEspazio berdeei buruzko parte hartze prozesuaren barruan, hilaren 18an egin zuten lehen lan ...
Gune berdeei buruzko parte hartze prozesuaren barruan zapatu honetan erabakiak hartuko dituzte. Horregaz batera, aurtengo aurrekontu-zirriborroa aurkeztuko dute
Espazio berdeei buruzko parte hartze prozesuaren barruan, hilaren 18an egin zuten lehen lan saioan Bengola aurreko zelaian atseden gunea sortzea erabaki zuten Munitibarko udal ordezkariek eta herritarrek.Zapatuan 11:00etatik aurrera udal aretoan elkartuko dira berriro erabakiak hartzeko, eta horregaz batera, udal ordezkariek 2016 aurrekontuak azaldu eta 2017rako prestatu duten aurrekontu-zirriborroa aurkeztuko dute.
Martxoaren hasieran Munitibarko herriaren norabidea zehazteko zereginean, gai garrantzitsuei buruzko beharrezkoak diren erabakiak herritarren parte hartzeagaz hartzeko Zeuaz egitasmoa aurkeztu zuten udal ordezkariek, eta parte hartze prozesu horren barruan herriko gune berdeetan altzariak jartzea zehaztu zuten.
Munitibartarren beharrak
Horretarako, hemendik aurrerako diru laguntzak eskatzerako orduan herritarren beharrak eta nahiak kontuan hartuko direla zehaztu du udalak, «laguntza bakoitzaren proiektua aurkeztu baino lehen herritarren parte hartzea bermatuz».
Orain dela bi aste egin zuten lehen batzarrean parte hartu zutenek Bengola edo mintegi osteko zelaia egokitzea erabaki behar izan zuten, eta atseden gunea Bengola aurreko zelaian egitea ebatzi zuten.
Horregaz batera, Elortzatik Bengolara jaisteko pasabidea jartzea erabaki zuten.
Egokitu gura duten gune berdean zelako altzariak jarri eta zein lekutan aztertu zuten, eta horretarako planoak eta fitxak banatu zizkieten bertaratutakoei: «Taldetan jarrita, talde bakoitzak lokalizazio baten alde egin, eta altzairuak planoetan kokatu zituzten. Ondoren, talde bakoitzaren proposamena talde osora eraman, eta eztabaida zabaldu genuen», adierazi dute udal ordezkariek.
Udalak diru laguntzetara 32.500 euroko proiektua aurkeztu du. Batzarrean proiektuaren nondik norakoak aztertu zituzten, eta parte hartu zutenek aldaketa bat egiteko proposamena egin zuten.
Udal ordezkariek diru laguntza kudeatzen duten teknikariekin kontsulta egin dute, eta zapatuko batzarrean azalduko dute haiek emandako erantzuna. «Bertan hartuko ditugu azken erabakiak».