Talde gernikarrak Galizian lehiatuko du azken jardunaldia
Emakumezkoen Ligaren 2016-2017 denboraldiko azken jardunaldiko partida guztiak egun eta ordu berean jokatuko dituzte. Bihar, 19:00etatik aurrera lehiatuko dira. Lointek Gernika Bizkaiak Star Center-Uni Ferrolen kantxa bisitatuko du.Biharko jardunaldiar...
Biharko jardunaldiaren ostean, ligako garaipena eskuratzeko play off-ak jokatuko dituzte.
Gernika-Lumoko taldeak aurreko jardunaldian ziurtatu zuen sailkapeneko hirugarren postua 41 puntu ditu, eta biharko aurkari galiziarra laugarrena da, 39 puntugaz.
Haren atzetik puntu bakarrera daude Lacturale Araski, Cadi La Seu eta IDK Gipuzkoa. Beraz, talde horientzat emozioz beterikoa izango da biharko jardunaldia.
Bestalde, Perfumerias Avenida da sailkapenburu, 49 puntugaz, eta 3 puntu gutxiago ditu Spar Citylift Gironak.
Hirugarren denboraldia bete du talde gernikarrak mailarik gorenean, eta aurreko urteetan lortutako emaitzak hobetu ditu oraingoan.
Irabaztera
Aurreko bi denboraldietan seigarren amaitu zuen denboraldia. Emakumezkoen Ligan debutatu zuen denboraldia 14 garaipen eta 12 porrotekin amaitu zuen, eta iaz 16 partida irabazi eta 10 galdu zituen. Denboraldi honetan 16 garaipen daramatza, eta 9 porrot.
Biharkoa denboraldiko «tentsio gutxieneko partida» izan arren, irabaztera kantxaratuko da taldea.
«Aurreko denboraldia hobetzea izan da beti helburua. Pauso txikiak, baina sendoak emanez, eta zoratu barik», adierazi du Mario Lopez entrenatzaileak. Jokalariek egindako lanagaz «harro» dago, eta taldearen eta zaleen arteko «batasuna» nabarmendu ditu.