Itzuliko bi etapa pasatuko dira Mutriku eta Lea-Artibaitik
Gaur [apirilak 3] hasi da 57. Euskal Herriko Itzulia, Iruñea eta Sarriguren arteko 153,3 kilometroko etapagaz, eta zapatuan [apirilak 8] Eibarren lehiatuko duten erlojuaren kontrako saioagaz amaituko da. Baina egueneko Donostia eta Bilbo arteko etapa Mutriku eta Lea-Artibai zeharkatuko ditu.
Michael Matthews Team Sunweb taldeko txirrindulari australiarrak irabazi du gaur lehen etapa, hiru ordu, 45 minutu eta zazpi segundoko denboragaz. Jay McCarthy (Bora Hansgrohe) eta Simon Gerrans (Orica Scott) bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren.
Lasterketa hasi eta bost bat kilometrora Masek, Bagotek eta Antonek ihesaldia abiatu dute. 128. kilometroan Anton harrapatu du tropelak, eta helmugarako hogei kilometroren faltan denek bat egin zuten.
Egueneko etapa. Itzulia 14:30ak aldera helduko da Mutrikura, eta ondoren, besteak beste, Ondarroatik, Lekeitiotik eta Ereñotik pasatu ostean, Gernika-Lumo eta Bermeo lotzen dituen BI-2235 errepidetik Bermeora heldu eta Sollube igoko (15:30-16:00) dute, Mungiatik Bilbora ailegatzeko.
174,1 kilometroko etapa aparteko zailtasunik gabea da mendate puntuagarriei dagokienez, baina dirudiena baino gorabeheratsuagoa da ibilbidea. Orio, Itziar edo Ereñoko gainak, esaterako, ez dira puntuagarriak, baina nekea pilatzen joango zaie txirrindulariei Sollube eta Bibero igo aurretik. Biak %8ko batezbestekoa gainditzen duten mendateak dira eta Bibero igoeran indartsuen daudenen artean jokatuko da etapa garaipena Bilboko Kale Nagusian.
Biharamunean, berriz, Itzuliko etaparik gogorrena burutuko dute Bilbo eta Eibarko Arrateko Santutegiaren artean (139,8 km). Txirrindulariak Bolibarko bidegurutzetik, Markina-Xemein, Etxebarriatik pasatuko dira.