Atzera kontaketa hasi da. Hilabete bat besterik ez da gelditzen Lea-Artibaiko bizilagunek herriz herri eskatutako erabakitzeko eskubidea gauzatzeko. Maiatzaren 7an erabakiko dute, eta egun horretan erantzun beharko duten galdera bihar iragarriko du Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-k. Ekitaldi berezia antolatu dute horretarako.
Ondarroako Bekozinin izango da hitzordua,
zapatuan [apirilak 8],
12:00etan.
Lea-Artibaiko herritarrei egingo dieten galdera iragarri eta kanta eta bideoklipa ere aurkeztuko dituzte agerraldian. Kantaren musika eta letra Ruben Bernedok egin ditu, eta ahotsak Nerea Sanchezek, Goretik eta Rubenek, Lea-Artibaiko herri bakoitzeko ahots banak eta Ondarroa eta Markina-Xemeingo umeek jarri dituzte. Bideokliparen grabaketa eta muntaia, berriz, Josu Arrate
Txorixek egin du.
Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-k abenduan Lekeition egindako agerraldia.
Kanpainaren hasiera. Biharko agerraldiak parte hartzearen aldeko kanpainari ere hasiera emango dio. Goizeko aurkezpenaren ondoren, aurkezpenak egingo dira arratsaldean, hainbat herritan. Horrez gain, informazioa etxez-etxe zabaltzen hasiko da Lea-Artibaiko GED. «Boto txartelak buzoietara banatuko ditugu herritarrek eskura izateko. Hiru aukera egongo dira bihar jakitera emango duten galderari erantzuteko: boto zuria, bai edo ez», azaldu dute. Herrietako galdeketak egiteko protokoloa zehaztuta daukate eta hauteslekuen informazioa ere luzatzen hasiko dira zapatutik aurrera.
Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-k jakitera eman duenez, gainera, maiatzaren 7an egoterik ez dutenek botoa aurretik emateko aukera edukiko dute. Horretarako hauteslekuak jarriko dituzte, herriz herri zehazten dituzten ordu eta egunetan.
Berme batzordea. Maiatzaren 7ko galdeketa berme guztiekin gauzatzen dela ziurtatzeko, gainerako herri galdeketetan bezala, berme batzordeko eta jarraipen batzordeko kideak egongo dira lanean. Barikuan [apirilak 7] osatuko dute Lekeition hautes batzordearen funtzio berdina beteko duen eskualdeko Berme Batzordea.
Eneko Egibar eta
Juan Tomas Enziondo lekeitiarrek,
Patxi Juaristi markina-xemeindarrak eta
Andoni Argoitia eta
Danel Solabarrieta ondarrutarrek osatuko dute batzordea. Protokoloa betetzen dela ziurtatu eta arazoen aurrean azken erabakia izango dute.
Jarraipen batzordeak, berriz, herriz herri egongo dira. Aktak ondo betetzen direla bermatu, aktak gorde eta zalantzen aurrean laguntzea izango da euren funtzioa.
Gutuna postontzira botatzen.
Posta bidez bozka, Markina-Xemeinen. Markina-Xemeindik kanpo ikasten, beharrean edo zesta-puntan jokatzen dauden markina-xemeindarrek ere maiatzaren 7ko galdeketan parte hartzeko aukera izango dute. Markina-xemeindar asko atzerrian daudela eta herritarrek egindako eskariari erantzun nahi izan dio Markina-Xemeingo GED-k. Lehenak eta momentuz bakarrak izan dira posta bidezko aukera hori ematen.
Markina-Xemeingo diasporakoek maiatzaren 7an bozkatzeko baldintzak Markina-Xemeinen erroldatuta egotea eta 16 urtetik gora izatea dira. Bozka eman ahal izateko, baina, izapide batzuk bete behar dira, eta horretarako Markina-Xemeingo Gure Esku Dago-ko kideen laguntza izango dute. «Guk lagunduko diegu, baina horretarako gurekin
harremanetan jarri behar dira», azaldu dute. Beharrezko informazioa jasotzeko posta elektronikoko helbide batetara idatzi behar da (
mxgureeskudago@gmail.com) mezuan nor den eta non dagoen adieraziz, eta gero, Gure Esku Dagoko kideak jarriko dira maiatzaren 7an parte hartu nahi duen herrikide horregaz kontaktuan. GED-ko kideekin harremanetan jartzeko epea apirilaren 8an amaitzen da.
HERRIETAKO AURKEZPENAK
- Amoroto: Domeka [apirilak 9]. 13:00etan, maiatzaren 7ko galdera eta bideokliparen aurkezpena herriko tabernan.
- Aulesti: Zapatua [apirilak 8]. Arratsaldean zehar, herriko tabernetan, galdera eta bideoklipa egongo dira ikusgai.
- Berriatua: Zapatua [apirilak 8]. 21:00etan, Bertso afaria Goxalde elkartean Nerea Ibarzabal eta Xabat Galletebeitia bertsolariekin. Afarirako izena herriko tabernetan eman behar da.
- Etxebarria: Zapatua [apirilak 8]. 18:00etan, eskualdeko galdera eta herriko eta eskualdeko bideokliparen aurkezpena kultur aretoan.
- Lekeitio:Zapatua [apirilak 8]. 19:00etan, kanpainaren hasierako txupinazoa, eta galdera eta bideokliparen aurkezpena Eskolapeko Limoneroetan.
- Markina-Xemein: Zapatua [apirilak 8]. 19:00etan, erromeria Mirari, Aintzane eta Lutxurdion eskutik. Kanpainaren hasiera eta bideokliparen eta galderaren aurkezpena Arkupe aurrean.
- Mendexa: Zapatua [apirilak 8]. 18:30ean, bideoaren eta galderaren aurkezpena Ganbaran.
- Munitibar: Zapatua [apirilak 8]. 20:00etan, galdera iragarri eta bideokliparen proiekzioa plazan. Kopaua ere egongo da.