Maiatzaren 6an egingo da Kamiñazpiko parkea berritzeko azken saioa
Izatez apirilaren 7an zen egitekoa Ondarroako Kamiñazpiko parkea eraberritzeko parte hartze prozesuaren asken saioa. Azkenean, baina, azken saio hori maiatzaren 6ra atzeratzea erabaki dute; egun horretan 11:00etatik 13:00etara batuko dira herritarrak....
Aurreratu dutenez, azken saio horretan aurrekontuak eskuan hartuta parkean egin beharreko aldaketak definituko dituzte. «Hain zuzen ere, parkeko lanak egiteko egongo den aurrekontu zehatza eskuan eduki arte atzeratu da saioa». Beraz, aurrekontua eskuan dutela, parkearen diseinu berria erabakiko dute herritarrek, eta ostean, parte hartze prozesua gidatu duen arkitekto taldeko kideek proiektua egingo dute.
Kezka nagusiak
Udalak jakitera eman duenez, orain arte egin diren saioetan 40 lagun inguruk parte hartu dute. Eta jaso dituzten kezka nagusiak ondokoak izan direla esan dute: Ondarroan dagoen berdeguneen gabezia, txakur kakak, Kamiñazpiko parkean komun egoki batzuk ipintzeko premia, umeentzako egokiak diren jolasen premia, errekarako pasabidea, eserita egoteko bankuak, zoladura, argiztapena eta parkearen erdigunean dagoen zuhaitza.
Udal ordezkariek diote proiektua Kamiñazpiko jaien bezperan amaituta egongo dela, eta herritar guztiei zuzendutako aurkezpen publikoa egingo dutela.