Konpost Eguna giro onean ospatu dute Ondarroan
Ondarroako Udalak antolatuta, Konpost Eguna ospatu dute gaur [apirilak 8] Ondarroan. Herritarrek egindako konposta eta bertoko landarak banatu dituzte udal ordezkariek, eta herritarrek esker onez hartu dituzte. Zehatz esateko, tipula, tomate txiki, tomate handi eta letxuga landarak banatu dituzte; aloe vera landara batzuk ere eduki dituzte, baina segituan agortu dira. Landara emateaz batera, udal ordezkariek konposta herritarrek egindakoa zela eta landarak ere bertokoak zirela azaldu diete herritarrei. Azken horiek, esker oneko berbekin erantzun diete.
Alamedan jarri dute karpa txiki bat, eta eguraldia lagun, 13:00ak aldera hasi dira landarak banatzen. Konposta birrindu, poltsetan sartu eta gero poltsa horietan herritarrek eskatzen zuten landara sartzen zuten. Eta landara bat, bi edo hiru eskuetan zituztela joan dira asko eta asko euren etxeetara. Izan ere, batzuk landara bakoitzetik bat eraman dute. Dena dela, arrakasta gehien eduki duena tomate txikien landara izan da. Edonola ere, herritar asko esan dute “ekintza polita” izan dela, eta horrelakoak gehiagotan egin beharko liratekeela. “Organikoa birziklatuz lortzen da konpost hori, harrigarria da. Eta begiratu zertarako balio duen orain. Horrelako ekintzak eginda jendea gehiago kontzientziatzen da”.