Ibilgailurik ez duten Etxebarriko bizilagunek auzo-taxi zerbitzua izango dute epe laburrean. Etxebarriko udalak auzoak eta erdigunea edo herrian ez dauden beste zerbitzu batzuetara joateko erreztasunak eman nahi dizkie ibilgailurik ez duten udalerriko bizilagunei.
Etxebarriko Udalak abiarazitako esperientzia bizilagunen
beharrei erantzuteko sortu dute, besteak beste.”Erosketak egitera, farmaziara, medikuarengana, bankura edo behar dutenera joan ahal izateko aukera eman nahi zaie taxiaren bidez”, azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. Jakitera eman duenez, gainera, zerbitzua asteko egun guztietan egongo da funtzionamenduan, astelehenetik domekara, aisialdian ere herrigunera hurbiltzeko aukera izateko.
“Alde batetik, Etxebarrian, baserri sakabanatu asko ditugu, eta arrazoi batengatik edo bestearengatik ibilgailurik hartu ezin duten heldu edo gaztetxoen joan-etorriak egiteko zerbitzu bat behar dela ikusi dugu. Bestalde, bakarrik bizi diren herritarrak ere badaude, eta herritar horiei guztiei batetik bestera mugitu ahal izateko erreztasuna eskaini nahi diegu”.
Joan-etorri bakoitzaren kostua
bi eurokoa izango da erabiltzailearentzat, eta gainerako kostua udalak ordainduko du. Bidaiak, baina, erreserbatu egin behar dira, taxi-gidariari berari aurretiaz deituta. Nori deitu jakiteko etxez etxe zabalduko du informazioa udalak. “Buzoien bidez zabalduko dugu informazioa taxi zerbitzuaren telefonoa jarrita”, azaldu du alkateak.