Asteburuan zabaldu ditu ateak Markina-Xemeingo Karmeldarren komentuan kokatzen den erromesentzako aterpetxeak, eta iazko modura urriaren erdira arte egongo da zabalik,
urriaren 15era arte, hain zuzen ere.
Aurten ere,
Bizkairako Done Jakue Bidearen Borondatezko Zaintzaile Elkarteko boluntarioak arduratuko dira Markina-Xemeingo aterpetxearen kudeaketagaz. Lehen boluntarioak 15 egun egingo dituela bertan azaldu du; bere ondoren, aldiro-aldiro txandakatzen joango dira besteak. Markina-Xemeingo aterpetxeagaz gain, Larrabetzukoa, Lezamakoa, PobeƱakoa eta Bilbokoa ere kudeatzen ditu Bizkairako Done Jakue Bidearen Borondatezko Zaintzaile Elkarteak, eta azaldu dutenez, guztira, 86 boluntario egongo dira aurten, elkarteak kudeatzen dituen bost aterpetxe horietan laguntza ematen.
Erromesen oinetakoak aterpetxeko atarian.
Guztira,
40 plaza izango ditu aurten Markina-Xemeingo aterpetxeak, eta hobekuntza batzuk ere aurkituko dituzte Iparraldeko Bidea eginez heltzen diren erromesek. Esate baterako,
maskotarekin bidaiatzen duten erromesentzat
aparteko logela bat prestatu dute, eta ohaxka batzuk kendu eta ohe baxuak ere jarri dituzte gela batzuetan. “Plazak gutxitzen dira, baina jende nagusia etortzen da eta gainera oso nekatuta, eta ohe baxuak nahi izaten dituzte”, azaldu dute Bizkairako Done Jakue Bidearen Borondatezko Zaintzaile Elkartekoek.
Aterpetxearen ordutegiak ere aldaketa izan du. Ordu bat gehitu dute, eta beraz, aurten
14:00etan zabalduko dute aterpetxea
22:00ak arte. “Eguraldi txarra dagoenean zain egotea ez da atsegina izaten, eta beraz, ordu bete aurretik zabaltzea erabaki dugu, erromesak, aterpetxean, jantziak aldatu eta erosketak egitera edo bazkaltzera lasai joan ahal izateko”.
Aterpetxeko logela batean jarri dituzten ohe baxuak.
Urtez urte, gero eta erromes gehiagok hartzen du ostatu Santiago Bideko Markina-Xemeingo aterpetxean. Karmeldarren komentuan kokatzen den erromesentzako aterpeak 4. 486 erromes hartu zituen bertan iaz, 2015ean baino 1.000 erromes baino gehiago.
Lehen egunetatik,
jende asko dabil aurten ere. Atzo [apirilak 10], 30 erromes zeuden lotarako, eta asteburuan gehiago egon zirela zehaztu zuen boluntarioak. “Gustura gaude, aterpetxea oso ondo dago”, adierazi zion HITZAri irribarrez, Alemaniako emakume batek.