Eguenean [apirilak 13]
, 12:00etan hasiko da proba.
Zaldi gurutzatuen lasterketan bost zaldizkok izena eman dute, eta
odol garbietakoan, berriz, bederatzi zaldizko ariko dira nor baino nor gehiago.
Aurten ez da eskualdeko ordezkaririk egongo, eta partaide gehienek aurreko urteetan ere lehiatu dute proba. Besteak beste, Durangoko, Zumaiako, Donostiako, Lasarteko eta Guriezoko zaldizkoak batuko dira.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, parte hartzaileek haien zaldien osasun agiriak aurkeztu behar dituzte.
Aipatu bi lasterketakaz batera, proba “ikusgarria” burutuko dute
Txus Jaio pilotu markina-xemeindarrak eta iazko zaldi lasterketako irabazle
Bakene Erkiaga zaldizko berriatuarrak.
Jaiok 2.540 metroko zirkuitua burutuko du Mitsubishi Evo 4X4 330 CV autoagaz, eta Erkiagak, ostera, 1.785 metroko ibilbidea osatuko du Lanbro zaldiagaz. Erronka irabazleak Mendexa Abentura Park Saria jasoko du.
Kuku-Habixa Kultur Taldeko kideak: “Zaldi kopuru polita batzea lortu dugu, eta ikuskizun ederra egongo da”
Hamar urte baino gehiago dira zaldi lasterketak lehiatzen dituztela, eta lasterketagaz batera, iaz lehenengoz motorraren eta zaldiaren arteko lehia antolatu zuten. Hain zuzen ere, Junior mailan Motokrossean Euskadiko azpitxapeldun izan zen Unai Rementeria
Remen lekeitiarrak, eta 2015eko Mendexako zaldi lasterketako txapeldun Santi Telleriak eskaini zuten erakustaldia. 510 metroko zirkuitua burutu zuen zaldizkoak, eta 725 metrokoa pilotuak, eta lehia oso parekatua egon zen.
Iazko emaitza oso ona izan zenez, aurten autoaren eta zaldiaren arteko lasterketa antolatzea erabaki zuten.
Lehenengo kanporaketak jokatuko dituzte, jarraian Jaioren eta Erkiagaren lasterketa lehiatuko dute, eta hori amaitzean hasiko dira finalak. Gurutzatuetan kanporaketa bakarra lehiatuko dute, eta odol garbietan, ostera, bi kanporaketa egongo dira. “Zaldi kopuru polita batzea lortu dugu, eta ikuskizun ederra egongo da”, esan dute Kuku-Habixa Kultur Taldeko kideek. Eguraldia lagun izango dutela-eta, jende asko batzea espero dute.
SARIAK:
- GURUTZATUAK
- 175 euro eta garaikurra
- 125 euro
- 75 euro
- (Besteek 60 euro)
- ODOL GARBIAK
- 275 euro eta garaikurra
- 225 euro
- 175 euro
- 125 euro
- 75 euro
- (Besteek 60 euro)