Isuntzako umeek zilarrezko domina lortu dute Euskadiko Batel Txapelketan
Asteburuan Sestaon lehiatu dute Euskadiko Batel Txapelketa. Zapatuan 15:30ean hasi zen kanporaketen lehia, erlojupeko formatuan. Eta kategoria bakoitzeko bost denbora onenek lortu zituzten atzoko finaletararako txartelak.
Txapelketan gizonezkoen umeen mailan lehia estua egon zen lehen bi sailkatuen artean. Arkote ATk lortu zuen urrezko domina, 04:50.01 denboragaz. Lekeitiarrak irabazleengandik 28 ehunenera sailkatu ziren eta zilarrezko dominaren jabe egin ziren. Zumaiako Telmo Deuna Arraun Elkarteko arraunlarientzat izan zen brontzezko domina. Halaber, Lekeitio Lea Arraun taldeak bosgarren amaitu zuen txapelketako lehia, Arkoterengandik 21 segundo eta 82 ehunenera.
Isuntzako Zuzendaritza Batzordea oso pozik dago gazteek erakutsitako mailagaz: “Historikoa da benetan Bizkaiko Batel Txapelketan bi batel sailkatu izana txiki mutiletan (Isuntza 3 eta Lea 4) eta Euskadiko Batel Txapelkeatan Isuntzak zilarrezko domina eta Espainiako Batel Txapelketa jokatzeko txartela lortu izana eta Lea bosgarren lekuan sailkatzeak”.
Bestalde, Ondarroa A.Ek emakumezkoen etorkizunekoak eta absolutuak mailetako kontsolazio finalak lehiatu zituen, eta bietan hirugarren postuan sailkatu zen.
Lutxana A.E nagusitu zen kontsolazio finaletako etorkizunekoak kategorian, 04:58.31 markagaz. Zumaiako Telmo Deuna Arraun Elkartea sailkatu zen atzetik, bi segundo eta 46 ehunenera. Ondarrutarrek, irabazlearengandik hamalau segundo eta 32 ehunenera amaitu zuten estropada.
Absolutuetan Hernaniko A.Ek irabazi zuen kontsolazio txanda. Hernaniarrek 09:58.84ko denboran burutu zuten estropada. Irabazlearengandik zazpi segundo eta 62 ehunenera sailkatu zen Tolosaldea. Ondarroa A.E, berriz, Hernanirengandik hamabost segundo eta sei ehunenera sailkatu zen.
Asteburu honetan 74. Espainiako Batel Txapelketa ere Sestaon jokatuko dute. Zapatu arratsaldean lehiatuko dituzte kanporaketak, eta domeka goizean finalak.