Azken urteotako bisitari kopururik handiena izan da Aste Santuan
Udalak Gaztelugatxeko San Juanera joateko jarritako autobus zerbitzua bete egin da. Ostatuak %100ean bete dira, eta turismo aktiboak oso harrera ona eduki duBermeoko Udalak jakitera eman duenez, azken urteotako bisitari kopururik handiena eduki du Berm...
Udalak Gaztelugatxeko San Juanera joateko jarritako autobus zerbitzua bete egin da. Ostatuak %100ean bete dira, eta turismo aktiboak oso harrera ona eduki du
Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, azken urteotako bisitari kopururik handiena eduki du Bermeok Aste Santuan. 1.321 izan dira, hain zuzen, Bermeoko Turismo Bulegora Aste Santuko egunetan joandako pertsonak, iazko (%11,5 gehiago) eta duela bi urteko (%41 gehiago) datuak erraz gaindituz.Datu horri Gaztelugatxeko San Juanek jasotako 4.000 bisitariak gehituz gero, «oso datu positiboa» dela nabarmendu dute Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, Irune Ormaetxea Turismo eta Merkataritza zinegotziak eta Bego Gangoiti Turismo Bulegoaren arduradunak. Guztira 5.321 pertsona ibili dira Aste Santuak iraun dituen bost egunetan. Horrez gain, informazio puntuetatik pasa ez diren bisitariak ere ugariak izan direla adierazi dute.
Euskaldunak izan dira bisitari gehienak, eta haien atzetik katalanek, madrildarrek eta galiziarrek gozatu dute Bermeoko eskaintza turistiko zabalaz.
Era berean, ostatuak %100ean bete direla azaldu dute, jatetxeek eta tabernek bezero asko izan dituzte eta turismo aktiboak oso harrera ona izan duela gaineratu dute. Nordic Walking gunearen baitan kirola egiteko, Bale Arrantzaren Interpretazio Zentroa bisitatzeko edota Arrain Azokaren harira egindako pintxo lehiaketan pintxoak dastatzeko aukera ere eduki dute bisitariek.
Kopurua bikoiztu
Bermeoko Udalak Gaztelugatxeko San Juanera eskainitako autobus zerbitzua nabarmendu nahi izan du, bete egin baita; 950 pertsonak erabili dute. Turismo iraunkorra bultzatzeko garraio publikoan joateko aukera eskaini dute aurten bigarrenez, eta iazko kopurua bikoiztu da.
Gaztelugatxeko San Juan bisitatzera joaten den jende kopurua kontuan hartuta, zirkulazio arazoak ekiditeko «ezinbestekotzat» jo dute zerbitzua udal arduradunek, eta oso pozik azaldu dira eduki duen erantzunagaz.
Azkenik, Bermeoko Udalak turismo iraunkorraren alde egiten duen apustua berretsi du: «Gure arrantza herri izaera nabarmendu, gure ingurua eta ondarea zaindu eta mantendu da, eta, aldi berean, lanpostuak sortuko dituen turismo iraunkorraren aldeko apustua egin da». Are gehiago, Gaztelugatxeko San Juanek Bermeoko turismoa bultzatzeko eskaintzen dituen aukerak lantzen jarraituko dutela azaldu dute, Bizkaiko Foru Aldundiagaz elkarlanean.