Artibai Mendigoizale taldearen eskutik, Markina-Xemeinen irteera eta helmuga izango dituen 52. Ibilaldi Neurtua egingo da domekan, inguruetako mendietan zehar. Bi aukera egongo dira, urtero legez: ibilbide luzea eta laburra.
Ibilbide
luzea gutxi gora-behera 6 ordu eta erdian egiteko modukoa dela jakitera eman dute Artibai Mendigoizale Taldekoek. Guztira 26 kilometro izango dira, Markina-Xemeingo Arkupetik irtenda, parte hartzaileek maldan gora eta behera egin beharko dituztenak. Irteera ordua
07:30ean izango dute.
Mendizaleak 2010eko Ibilaldi Neurtua egiten.
Ibilbide
laburra egitera animatzen diren mendizaleak, berriz,
autobus geltokian dute hitzordua,
09:30ean. Izan ere, autobusez joango dira Milloi mendateraino eta han ekingo diote oinezko ibilbideari, 10:00etan.
Ibilaldi laburrak 10 kilometroko luzera izango du, eta batez beste hiru orduko iraupena duela zehaztu dute antolatzaileek.
6 mendi tontor. Ibilbidea oso polita dela azpimarratu du Jabier Arrate Artibai Mendigoizale Taldeko kideak. Aurtengo ibilbide neurturako mendi bat gehitu dutela azaldu du, eta beraz, 6 mendi tontor igo eta jaitsi beharko dituzte ibilaldi luzeko parte hartzaileek. Bi hornidura gune aurkituko dituzte tartean indarrak hartzeko, lehenengoa Okola Serrategian eta bigarrena Arraten.
Ibilbide luzekoek eta laburrekoek bat egingo dute Milloitik aurrerako bidean, tarte hori partaide guztientzako berdina izango da-eta. Ibilbide laburrekoek tontor txiki bi igo beharko dituzte eta hornidura gune bat edukiko dute atsedena hartzeko.
Izen emotea. Beti bezala, ibilbide neurtuan parte hartzea doakoa da, eta amaitzen duten guztiei opari bana emango diete antolatzaileek. Antolakuntza errazteko, aldez aurretik izena emateko aukera eskaintzen du Artibai Mendigoizale Taldeak. Horretarako aukera ezberdinak daude:
amt@alpinoartibai.org.es helbide elektronikora idatzita,
605 712 937 telefono zenbakira deituta, eguaztenean, 20:00etatik 21:00etara,
Alpinoren lokalera joanda edo
Loirats mertzerian izena emanda.
Horrez gain,
egunean bertan ere izena emateko aukera egongo dela jakitera eman dute, Arkupean jarriko duten irteerako mahaian. Bertan amaituko da ibilbidea ere.
IBILBIDEAK
- LUZEA
Markina-Xemein (Arkupea). Xemeindik Akarregira (433m) igo, Egurrola baserrira bajatu, Legarregira (372m) igo, Madalenako gurutzera bajatu, Txindurri (267m) igo, Okola Serrategira jaitsi, Askartzara igo, Kalamendi (315m) igo, Milloira jaitsi, ItuiƱomendi (403m) igo, Arratera jaitsi, Ariztieder igo (432m) eta Markina-Xemeinera itzuli.
- LABURRA
Markina-Xemein (autobus geltokia). Milloitik irten, ItuiƱomendi (403m) igo, Arratera jaitsi, Ariztieder igo (432m) eta Markina-Xemeinera itzuli.
- GPS IBILBIDEA
Ibilbide zehatza jakin edo jaitsi nahi dutenek wikiloc GPS ibilbide eta interesguneak partekatzen dituzten erabiltzaile komunitatearen orrira jo dezake eta bertan Artibai Martxa 2017 jarrita koordenatuak deskargatu.