Udal hautetsiek maiatzaren 7ko herri galdeketak babestu dituzte
Gaur egun udal hautetsiak direnek eta izandakoek herritarrei galdeketetan parte hartzeko eskatu diete. Gaur hitzaldia egongo da Markina-Xemeinen, 19:30eanLea-Artibai eta Mutrikuko Gure Esku Dago herri dinamikek maiatzaren 7ko galdeketetan parte hartzek...
Gaur egun udal hautetsiak direnek eta izandakoek herritarrei galdeketetan parte hartzeko eskatu diete. Gaur hitzaldia egongo da Markina-Xemeinen, 19:30ean
Lea-Artibai eta Mutrikuko Gure Esku Dago herri dinamikek maiatzaren 7ko galdeketetan parte hartzeko dei zabalak egin dituzte. Alde batetik, diktadura osteko udal hautetsien agerraldiak egin dituzte asteburuan herri guztietan. Horrez gain, mutrikuarrek Debabarreneko herri dinamikekin batera maiatzaren 7ra begirako aurkezpen zabala ere egin zuten zapatuan, Eibarren.Oro har, Lea-Artibaiko 11 herritan burujabe izatearen aldeko aldarria egin zuten udal hautetsiek. «Historikoki, euskal herritarrok behin eta berriro adierazi dugu burujabe izan nahi dugula». Bide beretik, demokrazian, herritarren borondatea zein den jakiteko erarik zuzenena herri galdeketak direla esan zuten, eta maiatzaren 7ko galdeketei «babes osoa» eman zieten.
Bestalde, Debabarreneko Gure Esku Dago-k jakitera eman duenez, gutxieneko sinadura bilketa «aise» gainditu dute ; eskualde osoan 3.513 sinadura lortu behar zituzten, eta 6.011 sinadura lortu dituzte.
Halaber, zapatuan Eibarren egindako agerraldian baita ere herriz herri egingo diren galderak aurkeztu zituzten. «Herritarrek baietz, ezetz edo zuriz bozkatu ahal dute, baina parte hartzea zure esku, gure esku dago. Maiatzaren 7an inor ez dadila etxean geratu».
Ekintzak, gaur eta etzi
Herritarrak parte hartzera animatzeko, gaur, 19:30ean, hitzaldia eskainiko dute Lea Artibai Ikastetxean Garbiñe Biurrunek, Angel Oiarbidek eta Xabier Barandiaranek.
Eguenean, aldiz, Eibarko Armeria Eskolako areto nagusian mahai ingurua antolatu dute Debabarreneko herri dinamikek. Horretan parte hartuko dute Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Garbiñe Biurrun epaileak eta Mario Zubiaga EHUko irakaslea eta Gure Esku Dago-ren kideak.
Independentisten deia
Independentistak Sareak ere agerraldia egin zuen zapatuan, Ondarroan. Horretan, maiatzaren 7an euskal estatuaren aldeko botoa emateko eskatu zieten herritarrei.