92 auto batuko ditu VI. Rallyak
Hamabi tarte kronometratu eta inoizko parte hartzaile kopuru handiena izango ditu aurten Lea-Artibai Rallyak. Bihar eta etzi jokatuko dute norgehiagokaAstelehena jai eguna dela eta, zapatuan eta domekan ospatuko da aurten automobilismoren jai handia Le...
Hamabi tarte kronometratu eta inoizko parte hartzaile kopuru handiena izango ditu aurten Lea-Artibai Rallyak. Bihar eta etzi jokatuko dute norgehiagoka
Astelehena jai eguna dela eta, zapatuan eta domekan ospatuko da aurten automobilismoren jai handia Lea-Artibai eskualdean. Inoizko parte hartze handienagaz dator, gainera, VI. Lea-Artibai Rallya. Proba antolatzen duen Kas- tinparro Racing taldeko kideek 70 bat parte hartzaile inguru espero bazituzten ere, 92 autok zeharkatuko dute aurten, eskualdea.Kronometratutako 12 tarte osatu beharko dituzte parte hartzaileek, bi egunetan, Etxebarriko helmugara ailegatzeko: lau lehen egunean eta beste zortzi bigarrenean. Tarte batzuk iazko berak direla gogora ekarri dute Kastinparrokoek, beste batzuk, ordea, kontrako norabidean gauzatu beharko dituzte. Nabarniz, Ereño eta Ispaster artekoa, Etxebarria eta Aginaga artekoa edo Iturreta eta Markina-Xemein artekoa, esate baterako.
Iaz Askartza eta Mendexa lotu zituen tartea, bestalde, Mendexatik irten eta Ondarroaraino helduko da oraingoan, Galtzuaranen dagoen araztegiraino, hain zuzen. Estreinako, gainera, Itsasaurre plazan elkartuko dira parte hartzaileak, euren autoekin, atseden hartzeko. Beraz, Ondarroako zaleek autoak bertatik bertara ikusi eta rallyaren giroaz gozatzeko aukera edukiko dute. «Herriko parte hartzaileak ere animatu ahalko dituzte. Alde batetik, Edu Gartzia-Salazar eskarmentu handiko gidariak Iñaki Del Rey kopilotuagaz hartuko du parte, eta bestetik, Harkaitz Alkortaren eta Alain Ugartetxearen lehen lasterketa izango da».
Ikuskizuna ziurtatuta
Ohi den modura, egiaztapen administratiboekin hasiko dute rallya partaideek. Egiaztapen administratiboak Markina-Xemeingo Kareaga industrigunean dagoen Sportech enpresaren pabilioian egingo dira aurten, 09:00etatik 12:00etara. Ondoren, Etxebarrian, Olaia parean (Erbera kalea) egiaztapen teknikoak gainditu beharko dituzte proban parte hartu ahal izateko. Ikuskapen teknikoak 09:30ean hasi eta 12:30ean amaituko dira.
Egiaztapen guztiak eginda, Markina-Xemeinen bilduko dituzte auto guztiak, Zelaiaren beheko partean. 13:00etan itxiko dute parkea, eta 14:45ean irtengo du lehenengo autoak parketik rallyari hasiera emateko.
Biharko tarteak amaitutakoan, lehenengo etaparen ekitaldia egitea erabaki dute Kastinparrokoek. «Parte hartzaile guztiak irteera podiumetik pasatuko dira, eta galderak egiteko aukera egongo da», zehaztu dute. Ordua 20:40ean jarri dute.
TK-2 tarteak, Eibar eta Etxebarria artekoak ere ikuskizuna eskainiko du. Aurten ere amaiera berezia edukiko du tarte horrek, jauzi eta guzti.
Domekako etapa 08:00etan hasiko da, eta 18:00etan emango diote amaiera rallyari. Sari banaketa, berriz, 20:30ean egingo da Etxebarrian, Olaia parean eguraldi ona eginez gero edo frontoian euria eginez gero.
Bertoko parte hartzaileak
Beste behin ere, automobilismo munduko aurpegi ezagunak ekarriko ditu eskualdera VI. Lea-Artibai Rallyak. Besteak beste, Iñaki Narbaiza eta Unai Etxeberria iazko txapeldunak bertan egongo dira berriz ere. Horien ondoan ibiliko dira bai eta Lea-Artibai eta Busturialdeko partaide ugari ere. 18 autotan joango dira bertokoak.
Beste batzuren artean, Euskadiko Sportech Rally Txapelketari hasiera ematen dion proban egongo dira Txus Jaio eta Jesus Urkidi (BMW 325 E30), Ander Learreta eta Maialen Guridi (Lotus Exige GTR), Aitor Saizar eta Gorka Aginaga (Renault Clio Sport), Jon Murgialdai eta Mikel Barandika (Citroen Saxo), Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga (Citroen Saxo 16v), Ioritz Abaroa eta Jonathan Zabala (Citroen Saxo), Lander Badiola eta Julen Bilbao (Renault Clio Sport), Oihan Erkiaga eta Bernat Iraolagoitia (Citroen Xsara VTS), Ioritz Odiaga eta Iker Mintegia (Renault Megane), Ander Txakartegi eta Alex Maguregi (Citroen Saxo 16v), Harkaitz Alkorta eta Alain Ugartetxea (Renault Clio Sport), Izaskun Badiola kopilotu lekeitiarra (Ford Fiesta ST), Mikel Bilbao pilotua (Renault Clio Williams), Kemen Atxurra eta Aitor Rocha (Peugeot 309 GTI), Aitor Irazabal eta Ander Bikandi (BMW 325i), Ibai Agirre eta Unai Flores (Peugeot 205), Edu Gartzia-Salazar pilotua (Citroen Saxo Vts), Jose Jabier Aginaga pilotua (Ford Escort) eta Xabier Sagastizabal eta Iñigo Ugalde (BMW 325i E30).
Parte hartzaile guztien emaitzak uneoro jarraitu ahalko dira. Denborak sarean jarriko dituzte ikusgai, Fotomotor-en orrian.