Azoka
bihar [apirilak 29]
10:00etatik 14:30era egongo da zabalik, beste behin ere Berriatua euskal ekoizleen plaza bihurtuko delarik: baserriko produktuak eta arrain kontserbak dastatzeko eta erosteko aukera edukiko dute herritarrek. Aurreratu dutenez, azoka erakargarria eta girotsua izango da; 25 erakusmahai ipiniko dituzte herriko plazan.
Berriatuko Nekazal eta Arrain Kontserba Azoka 2016
Ekoizleekin aurrez aurre egoteko aukeraz gain, Berriatuko Tarine musika eskolako Trikipand taldeak ere azokako giroa alaituko du eguerdi aldera, urtero egin legez.
Azoka Berriatuko Udalak eta Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Alkarteak elkarlanean antolatuta dago. «Esker berezia eskaini nahi diegu azoka antolatzen lagundu diguten ondoko eragileei: Berriatuko Udal Brigada, boluntarioak eta herriko elkarteak», esan dute antolatzaileek.
IV. Pintxo Lehiaketa. Azken urteetan egin modura, azoka egiteaz batera Berriatuko elkarteen arteko pintxo lehiaketa ere egingo da; aurten laugarrenez egingo da lehiaketa. Ondokoek parte hartuko dute lehiaketa horretan: Goxalde elkartea, Milloitxarrak, Anaitasuna erretiratuen elkartea, Kukulumutxu kuadrilla iazko irabazlea eta Ondarroako Ezkilintzarri elkarte gastronomikoa talde gonbidatua. Talde bakoitzak
lau pintxo mota egin beharko ditu; guztira, gutxienez, 200-250 pintxo.
Lehiaketa 12:00ak aldera hasiko bada ere, pintxoak aurretiaz prestatu ahalko dituzte taldeek euren egoitzetan. «Azken prestaketa azoka eremuan egin beharko dute». Pintxoak dastatu ahal izateko, herritarrek txartelak erosi beharko dituzte; txartel bakoitzak2 euro balioko ditu, eta horregaz bi pintxo dastatu ahalko dituzte herritarrek. «Pintxoak dastatzeko aukeraz gain, taloen postu bat ere egongo da».
ERAKUSMAHAIAK
-Arrain kontserbagile bi.
-Mermelada ekoizle bat.
-Hiru gaztagile. Idiazabal gazta, ahuntz gazta eta behi gazta.
-Okin eta gozogile bi.
-Ahatekien ekoizle bi.
-Eztigile bat.
-Txerrikien ekoizle bat.
-Gilda ekoizle bat.
-Hazi saltzaile bat.
-Ardo upategi bat.
-Lau euskal artisau.
-Produkton denda eta turismo informazio gunea.
-Herriko eskolako guraso elkartearen eta Gure Esku Dagoren postua.
-Zabaltzen sartu elkartea.