Euskal Ligara, estreinako
Urdaibai Eskubaloi Taldeko mutilen kadeteek eta gazteek Euskal Ligara igotzea lortu dute. Denboraldian jokalariek zein entrenatzaileak egindako lana nabarmendu du klubakUrdaibai Eskubaloi Taldeko historian mutilen kadete eta gazte taldeek lehenengoz jo...
Urdaibai Eskubaloi Taldeko mutilen kadeteek eta gazteek Euskal Ligara igotzea lortu dute. Denboraldian jokalariek zein entrenatzaileak egindako lana nabarmendu du klubak
Urdaibai Eskubaloi Taldeko historian mutilen kadete eta gazte taldeek lehenengoz jokatuko dute Euskal Ligan datorren denboraldian. «Beheko mailetatik jokatzen ari diren mutilak dira, eta azken urteetan hainbeste desio eta borrokatu dugun igoera da», azaldu du Jose Luis Luzarraga klubeko presidenteak.Iker Romero zuzendari teknikoak klubaren historian taldearen parte izan diren pertsonen eta entrenatzaileen lana eskertu eta goraipatu du, oraingo emaitzak guzti horien lanaren emaitza direla nabarmenduz.
Aurreko asteburuan (hilaren 21etik 23ra) Bermeoko Arene kiroldegian lehiatu ziren etxeko taldea, Tolosa C.F Eskubaloia eta Gure Auzune Eskubaloia Gasteiz. Urdaibai ETgaz batera, talde gipuzkoarrak ere lortu zuen Euskal Ligarako txartela.
Lehen jardunaldian, kadeteen mailan etxeko taldeak puntu bakarragatik galdu zuen Tolosaren kontra (31-30), eta gazte mailako taldea, ostera, 21-37 nagusitu zen Tolosaren kontra. Biharamunean gazte zein kadete mailetan Tolosak garaipena eskuratu zuen Gure Auzuneren kontra. Eta hirugarren jardunaldian, kadete mailako Urdaibai Isabelek 37-33 irabazi zion Gure Auzuneri, eta gazteen lehian, Urdaibai ETk 36-27 irabazi zion talde arabarrari.
Prestakuntzarako apustua
Klubeko zuzendaritza taldeak denboraldian jokalariek zein Pablo Garcia entrenatzaileak egindako lana azpimarratu dute, baita azken txanpa honetan Arantza Ruiloba entrenatzailearen laguntza ere.
Era berean, lorpena klubak umeen gaztetxoen prestakuntzan egindako «apustuaren emaitza» dela adierazi dute: «Azken urteetan belaunaldi berriak prestatzeko jarritako helburuak lortzen ari gara».
Gazte eta kadete mailetako emaitza onekin batera, maila guztietan mutilen zein nesken taldeetan lortutako emaitzak nabarmendu ditu klubak.
Esaterako, emakumeen gazte eta kadete taldeek Euskal Ligara igotzeko kanporaketak jokatu zituzten orain dela pare bat aste. Ez zuten igoera txartelik eskuratu, baina egindako lana goraipatzekoa dela zehaztu dute. Gainera, bi taldeak bigarren sailkatu ziren Bizkaiko Txapelketan.