Prekarietatearen kontra mobilizatuko dira Lekeition
Maiatzaren 1aren testuingurua erabiliko dute Lekeition kapitalismoaren aurkako salaketa egin eta langile eta herritarrek bizi dituzten zapalkuntzak agerian uzteko. Maiatzaren 1aren bezperan [apirilak 30], 12:30etan, manifestazioa egingo dute Lekeitioko kaleetan zehar Prekarietateari marra gorria! lelopean. “Gure helburu nagusia zapalkuntza ezberdinak agerian utzi eta egunerokoan sufritzen ditugun zapalkuntza ezberdinen aurreko erantzun kolektiboen beharra aldarrikatzea izango da”.
2007an krisia ofizialki hasi zenetik gaur arte, krisia aitzakia modura hartuta, kapitalak eta elite ekonomiko-politikoek, langileriaren eta herritarren kontrako erasoak biderkatu egin dituztela adierazi dute manifestazioa antolatu duten herritarrek. “Benetan krisian dagoena, baina, kapitala bera da, bere posizio eta diruaren metaketa. Horregatik, posizioa berreskuratu asmotan, deklaratu diote langileriari gerra, mundu osoan”.
Normalizatzen. Erasoak bata bestearen atzetik etorri direla azpimarratu dute, bai eta erantzunak ere. “Baina erasoen tamaina hainbestekoa izan da, ezen zapalkuntza asko normalizatzen hasi diren gure gizarteetan, eskualdean, herrian. Dekretazoak, murrizketak, kaleratze masiboak, soldata jaitsierak, prekarietatea, pobrezia, zapalkuntza patriarkala, etxe kaleratzeak, esplotazioa…”.
“Hauxe da dagoena!” edo “zer egingo diogu ba, eutsi!” jarrerek, herritarren bizitzetan ustez momentu baterako etorri ziren politika erasotzaileei betirako lekua egin dietela uste dute. Kolektibo horren esanetan, zapalkuntza materialek gainera, bestelako hainbat ondorio ere ekarri dituzte, arazo sozio-afektiboak eta gaixotasun mentalak besteak beste.
“Zapalkuntzok salatu edota borrokatzen ez badira, betikotu egiten dira. Horregatik uste dugu garrantzitsua dela zapalkuntzok, prekarietate egoerok kalera ateratzea, eta batez ere sarritan modu indibidualizatuan bizi ditugun zapalkuntzok kolektibizatzea, modu kolektiboan erantzun bat emateko”. Hori dela eta, aurtengoan ere mobilizatzeko deia egin dute.
Hitzaldia. Manifestazioagaz gain, maiatzaren 4an, 19:00etan, Panama Connections Ahoztar Zelaietaren azken ikerketa liburuaren aurkezpena egongo da Maixuen Etxeetako Mozolomendi Aretoan. “Hitzaldi honen bidez agerian utzi nahi dugu nola funtzionatzen duen Euskal Herriko burgesiak, eta bereziki ze harreman dauden enpresari eta gobernuan diren politikarien artean”.