Liburuaren Astea amaitzeko, Ramon Saizarbitoriarekin solasaldia eta sari banaketa ekitaldia egin dituzte gaur [apirilak 29], liburutegian. Aurtengoa
mikroipuin lehiaketa izan da, parte hartzeari bultzada eman asmoz, eta helburua bete da: hamazortzi mutil eta hamazazpi neskak aurkeztu dituzte lanak, guztira, 51. Horietatik 34 izan dira mutrikuarrenak.
Irabazleek diploma bana eta datorren urteko ipuina idazteko koadernoa jaso dituzte opari. Gainera, maiatzeko
Kalaputxi herri aldizkarian argitaratuko dituzte lanak.
Helduen mailako saria Joakin Larrañaga Arkotxak eskuratu du. 500 euroko ordainsaria eman diote.
Leti izeneko mikroipuina aurkeztu du lehiaketara mutrikuarrak. Irribarrez eta esker oneko hartu ditu sariak.
Gazte mailako saria, 18 urtetik beherakoa, hain justu, Eneko Palentzuela Badiolarentzat izan da,
Soinu artean lanarengatik. 150 euroko ordainsaria jaso du. “Idazten hasi nintzen, eta konturatu orduko, 100 hitz eginda nituen, eta gogoz geratu nintzen gehiagorako. Hurrengoan gehiago”.
Mutrikuar onenaren saria, azkenik, Aitor Juaristi Iparragirrek irabazi du,
Ametsetako itsasoa izenburu duen ipuinarengatik. “51 lan aurkeztu izana pozgarria da. Antolatzaileei eta hemen zaudeten guztioi eskerrak, eta baita Ramon Saizarbitoriari ere hemen egoteagatik”. Oroigarriez gain, 250 euro eskuratu ditu Juaristik.
Ramon Saizarbitoriarekin solasean aritu dira gaur.
Talderik interesgarriena. Sari banaketa egin aurretik, Ramon Saizarbitoria idazlearekin solasaldia izan da. Idazleak esan du bere betebehar pertsonalak betetzeko idazten duela, idaztearen plazerragatik, eta hasiberriei edota idazle izan nahi dutenei ere aholku bera eman nahi izan die: “Zintzotasunez idatzi, arrakastari, modari eta irakurleari begiratu gabe”, esan du. “Ez da errentagarria nik egiten dudana egitea. Niretzat idazten dut, hori egitea gustatzen zaidalako”.
Martutene izan dute hizpide gaurkoan, eta bi ordu pasatxo aritu dira eleberriaz solasean. Parte hartzaile gehienak Mutrikuko irakurle taldekoak izanik, eleberri horretan ez eze, beste hainbatetan ere sakondu dute; amodioaz, personaien arteko harremanez, errudun sentipenaz, ekintza eta ondorioen neurrigabekeriaz… Amaieran, argi izan du idazleak: “Irakurle talde interesgarriena Mutrikun aurkitu dut”.