Besoak altzatuta ospatu zuten atzo [apirilak 30] arratsaldean VI. Lea-Artibai Rallyko garaipena
Aingeru Castrok eta
Alaitz Urkiolak. Urtez urte hartu du parte Aingeru Castrok Lea-Artibai Rallyan, eta Angel Castro, bere aita, kopilotu duela, podiumera ere igon izan da hiru urtetan jarraian. Lehen postuak, baina, ihes egin dio, orain arte. Iaz ere, aurreko postuak defendatzen ibili ondoren, lehiaketatik kanpo geratu ziren Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola. Aurten, berriz, podiumaren gorenera igotzea lortu dute.
Aurtengo podiuma osatzen bigarrenak, iazko irabazleak,
Iñaki Narbaiza eta
Unai Etxeberria, izan ziren, eta iaz bigarren egin zuten
Garikoitz Lopezek eta
Urko Pagoagak bete zuten hirugarren lekua. Eskualdeko lehenengoen saria ere eraman zuten Etxebarriko pilotuak eta Markina-Xemeingo kopilotuak.

Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola garaipena ospatzen.
Zapatuko lehenengo tartea
gogo askogaz hasi zutela adierazi zuen rallyaren amaieran Alaitz Urkiolak. Baina helmugarako bi kilometroren faltan autoari kolpe bat eman ziotela azaldu zuen kopilotuak. “Gauzak ez ziren irten guk nahi genuen moduan, autoan gauza asko aldatu behar izan genituen eta”. Baina, autoa asistentzian konpondu eta gero, denbora eduki zuten gauzak ondo egin eta hurrengo tarteetan gogoekin irteteko.
Euriagaz ere
zortea eduki zuten atzo. Lehenengo tartean errepidea siku aurkitu zuten, eta bigarrenerako bustiko gurpilak jartzeko aukera izan zuten. Hala ere, goizeko euriagaz asko sufritu zutela esan zuen Urkiolak, eta batez ere, Ondarroa eta Mendexako kostako tartea izan zela gogorrena zehaztu zuen. “Autoak irrist egiten zuen eta ez zegoen erarik zuzen eramateko”.

Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga euren autoaren aurrean, rallya amaituta.
Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga ere
pozik zeuden emaitzagaz. “Beste autoak gurea baino askoz handiagoak dira, kontra egitea gaitza da, baina euriagaz ere gustura ibili gara”.
Eskualdekoak izatea eta tarteak ezagutzea abantaila dela adierazi zuten. Hala ere, bigarren urtez jarraian podiumera igotzeko arrazoiak erritmori eutsi eta aurretik zihoazen auto batzuk lasterketatik kanpo gelditu izana zirela aitatu zuten. “Saizar eta esate baterako oso bizkor ibili dira, baina parte hartzaile askok utzi behar izan dute lasterketa eta guk eustea lortu dugu”, zehaztu zuen Pagoagak.
Tarte gogorrena Mendexatik Ondarroara artekoa izan zen bien ustez. “Euria egin du asko eta nahiko estu ibili gara”.
90 autok hartu zuten irteera, zapatu eguerdian Markina-Xemeinen, eta matxurak edo istripuak tarteko, horietatik 52k utzi behar izan dute lasterketa. Lopez eta Pagoagaz gain, Lea-Artibai eta Busturialdeko parte hartzaile gutxik lortu zuten rallya amaitzea: Gernika Racing-eko
Ander Learretak eta
Maialen Guridik, eta
Xabier Sagastizabal eta
Iñigo Ugaldek; Hamaika Eskuderiako
Ander Txakartegik eta
Alex Maguregik,
Edu Gartzia-Salazar eta Iñaki Del Rey-k, eta
Harkaitz Alkortak eta
Alain Ugartetxeak, eta Iraitz Olariaga pilotoagaz kopilotu joan zen
Oihane Uranga markina-xemeindarrak.
Kemen Atxurra eta
Aitor Rochak FL mailako saria lortu zuten.

Oihane Uranga kopilotu markina-xemeindarra eta Iraitz Olariaga pilotua.
Hirugarren bidar. Egoitz Mujikagaz lehenbizi, Arkaitz Uranga nebarekin iaz, eta aurten Iraitz Olariaga pilotuagaz hartu du parte Lea-Artibaiko rallyan,
Oihane Uranga kopilotu markina-xemeindarrak. Zapatua erritmo onean hasi zuten, baina domekako euriak arazoren batzuk eragin zizkien. “Ispasterko tartean autoaren beirak lausotu zaizkigu eta ez genuen biderik ikusten. Kostako tartea labankor egon da eta kolpea eduki dugu, baina, nahiz eta ustekabe horiek izan, ondo ibili gara, eta arratsaldean ere gurpilekin asmatu egin dugu”.
Helburua amaitzea zuten eta lortu zuten. “Auto berria da eta ez batak ez besteak ez dugu aurretik euritan lasterka egin. Autoa probatzea genuen asmoa, oraindik martxa hartzen gabiltza-eta”.
Hiru rally eta hirurak ezberdinak izan dira Oihane Urangarentzat. “Denak izan dira bereziak eta guztiak amaitzeko aukera eduki dut. Balorazio oso ona egiten dut. Lasterketa antolakuntza aldetik ezin hobea da eta ea hurrengo urtean ere zortea dudan”.
Gero eta emakume gehiagok hartzen du parte rallyetan, eta Lea-Artibaikoan ere nabari izan da. Zenbat eta neska gehiago ari mundu honetan hobeto dela uste du Alaitz Urkiolak, eta Oihane Urangak ere bat egiten du iritzi horregaz. Guztiak, kopilotu moduan hartu zuten parte, baina egunen batean gidari moduan animatzeko prestutasuna ere erakutsi zuten. “Aitagaz lurgainean aritzen naiz eta lehenengoz gidari egiteko lurgaineko proba bat aukeratuko nuke, asfaltoak errespetua ematen dit-eta. Hala ere, ateak zabalik usten ditut”, adierazi zuen Oihane Urangak.

VI. Lea-Artibai Rallyko irabazle eta antolatzaileak.
Balorazio ona. Urte osoko beharra izaten da Kastinparrorentzat rallya antolatzea. Barinagan txoko bat dutela jakitera eman zuen Gorka Antxustegik eta bertan biltzen dira batzarrak egiteko. “Rallyak bi egunetan ematen digun energia positiboa horregaz konpentsatzen dugu urte osoko lana. Ikusten direnak egun bi dira, baina guk urte osoko lana hartzen dugu kontuan, eta merezi duela uste dugu”.
VI. rallyaren balorazio oso ona egin zuten antolatzaileek. “Aurtengo egun biak oso ondo joan dira. Lehenengo eguna ezin hobeto joan zen, eta bigarren egunean euria izan da protagonista. Ez zaigu gustatzen, lanerako gogorra delako, baina jende gogorra dugu lanean eta eskerrak eureri, bestela gure urte osoko lanak ez du ezertarako balioko”. Izan ere, Lea-Artibaiko
200dik gora lagun egon dira asteburuan beharrean.
Parte hartze handiak ordutegi batzuk aldatu behar izana ekarri die antolakuntzakoei, batez ere lehen egunean. “Bestalde, tarte osoak orduan hasi eta dena ondo joan dira”, zehaztu du Xabat Urrestik. Segurtasunari dagokionez, euriaren ondorioz, Mendexa eta Ondarroako tartea geldiaraztea erabaki zutela azaldu dute. “Kolpe bat egon zen, eta irristaka heltzen ziren autoak helmugara, beraz, lasterketa gelditu dugu”.
Azken hilea oso gogorra dela aitortu duten arren, antolatzaileek
gogotsu jarraitzen dute, eta jada datorren urteko rallyagaz pentsatzen hasi dira. “Parte hartzaileen gogoak, eskualdeko udalen babesak, eskualdearentzako onurak eta lan guztiorren fruituak ikusteak ematen duen gogobetetzeak aurrera jarraitzera animatzen gaitu”.
SARIAK
Scratch sariak:
- Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (BMW M3)
- Iñaki Narbaiza eta Unai Etxeberria (Peugeot 208 R2)
- Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga (Citroen Saxo VTS)
Eskualdeko lehenengoa:
- Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga (Citroen Saxo VTS)
Klaseentzako sariak:
- Junior maila: Carlos Garcia eta Jesus Garcia (Peugeot 206 XS)
- 1. maila: Felix Martikorena eta Jabier Martinez (Citroen Saxo VTS)
- 2. maila: Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga (Citroen Saxo VTS)
- 3. maila: Iñaki Narbaiza eta Unai Etxeberria (Peugeot 208 R2)
- 4. maila: Ugaitz Basaras eta Larraitz Etxebarria (Renault Clio Sport)
- 5. maila: Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (BMW M3)
- 6. maila: Ander Learreta eta Maialen Guridi (Lotus Exige GTR)
- FL maila: Kemen Atxurra eta Aitor Rocha (Peugeot 309 GTI)