Aurten 18 bikotek parte hartu dute pala txapelketan. Eta jakitera eman dutenez, gehienak Lea-Artibaikoak izan dira; Ermuko eta Gernika-Lumoko parte hartzaileak ere egon dira. Horien guztien artean, Iban eta Liher eta Jonpu eta Josu bikote amorotarrak izan dira nagusi.
Aurreko urteetan egin legez, aurten ere bi maila egon dira txapelketan. Eta zapatu goizean bigarren mailako finala jokatu zuten. Horretan, Iban eta Liher amorotarrek Lekeitioko Zabala eta Diaz bikotea mendean hartu zuten (30-13). Arratsaldean, ostera, lehenengo mailako finala jokatu zuten. Partida horretan aurrez aurre neurtu ziren Jonpu eta Josu amorotarrak eta Lekeitioko Iker Lopez eta Gernika-Lumoko Paul Solaguren; amorotarrek 30-21 irabazi zuten partida.
Dena dela, zapatu goizean berezitasunik ere egon zen. Izan ere, bigarren mailako finala jokatu aurretik partida berezi bat jokatu zen; Leire Etxaniz (Markina-Xemein) eta Ibon Zelaia (Amoroto) Amorotoko Simon-Muxikaren aurka aritu ziren. Bi mutilek osatutako bikoteak irabazi zuen partida (30-23).

Jonpu eta Josu, lehenengo mailako txapeldunak, Amorotoko Udal ordezkariekin. Argazkiak: Amorotoko Pilotazaleak.

Iker Lopez eta Paul Solaguren, lehenengo mailako azpitxapeldunak.

Iban eta Liher bigarren mailako txapeldunen saria Liherren aitonak jaso zuen.

Zabala eta Diaz, bigarren mailako azpitxapeldunak.

Herritarrak, partidak ikusten.