Euria ere ez zen eragozpena izan Artibai Mendigoizale Taldeak antolatuta, domekan [apirilak 30] Markina-Xemein inguruetan egin zen 52. Ibilaldi Neurtuko parte hartzaileentzako. Urtero modura, bi ibilbide ezberdin jarri zituen aukeran Markina-Xemeingo mendigoizale taldeak, 26 kilometroko ibilaldi luzea eta 10 kilometroko laburra.
127 mendizalek hartu zuten parte lehenengo aukeran, eta
95 ibiltarik aukeratu zuten bigarrena.
Eguraldi onagaz hasi zen ibilaldia, eta euria iragarrita zegoen arren, eguerdiraino eutsiko zuen esperantza zeukaten bai parte hartzaile zein antolatzaileek. Baina, goiz erdian hasi zen euria, eta mendizale guztiak
bustita ailegatu ziren Arkupean zegoen helmugako mahaira.
Hori dela eta, gustura hartu zituzten antolatzaileek proba amaierarako eskatuta zituzten udalerriko frontoi nagusiko dutxak. Batez ere, ibilaldia egitera kanpotik etorri zirenek.
52. Ibilaldi Neurtuko Ibilaldi Luzearen hasiera Markina-Xemeingo Arkupean. Argazkia: Josu Arrate/Txorixe
Markina-Xemeingoez gain, eskualdeko
mendizaleak (Ondarroa, Lekeitio, Ziortza-Bolibar, Aulesti), inguruko herrietakoak (Elgoibar, Berriz, Durango) eta Bilboaldetik zein gipuzkoatik etorritakoak (Bilbo, Galdakao, Portugalete, Ernani) bildu zituen urteroko hitzorduak, bai eta Hendaiako kuadrilla bat ere.
Aurretiaz izena emateko aukera eskaini zuten antolatzaieek, eta 120 lagunek aprobetxatu zuten aukera hori. Hala ere, asko izan ziren, azken orduan animatu eta bertan egunean izena eman zutenak ere, 102 partaidek hain zuzen ere.
52. Ibilaldi neurtuko parte hartzaileak Arkupe aurrean. Argazkia: Josu Arrate/Txorixe
Euria egin zien arren, partaideek
oso gustura amaitu zutela ibilaldi neurtua adierazi zuten amaieran, eta antolakuntzagaz pozik agertu ziren. Bideko seinaleak egoki eta hornidura ere atsegin izan zutela azaldu zuten.
Istripua. Dena ondo joan baldin bazen ere, istripu bat ere egon zen mendi martxan. Meabe auzoko mendi-pista batean erori egin zen 57 urteko gizonezko bat. “Istripua ez zen larria izan, baina bai deigarria. Urratu bat egin eta barize batetik odoletan hasi zen kolpatua. Lekeitioko erizain batek lagundu zigun larrialdi zerbitzuak heldu zirenera arte”, azaldu dute Artibai Mendigoizale Taldekoek.
Behin zauritua aurkitu ondoren, artatu eta esku-ohe batean igo zuten helikopterora Markina-Xemeingo heliporturaino eramateko, eta handik anbulantzian jarraitu zuen Galdakaoko ospitalerako bidea.”Ospitalean puntuak eman eta berehala itzuli ahal izan zen etxera”.