Liga irabazteko azken borroka gelditzen zaio Artibai Futbol Taldeari
Zapatuan Fruiz taldearen aurka jokatuko duten partida irabaziz gero, ligako txapeldun geratuko dira Artibai FTko nagusiak. Zapatuan ospatu zuten igoera Barroetan, txaranga eta guztiIgoera lortuta, partida bakarra gelditzen zaie Markina-Xemeingo Artibai...
Zapatuan Fruiz taldearen aurka jokatuko duten partida irabaziz gero, ligako txapeldun geratuko dira Artibai FTko nagusiak. Zapatuan ospatu zuten igoera Barroetan, txaranga eta guzti
Igoera lortuta, partida bakarra gelditzen zaie Markina-Xemeingo Artibai Futbol Taldeko nagusiei liga ere lortu ahal izateko. Esku-eskura daukate aukera, gainera. Zapatuan, 17:30ean, Fruizen kontra jokatuko duten partida irabaziz gero, ligako txapeldunak izango dira.Markina-Xemeingo taldearen eskuetan dago garaipena. Izan ere, tanto bakarrera, aurretik daukaten Loyola Indautxurentzat atseden eguna izango da ligako azken jardunaldia. Hau da, dagoeneko denboraldiko partida guztiak jokatuta dituzte. Beraz, Artibairi dagokio garaipenerako bidea egitea.
Berdinketak ez die balio, golen arabera, garaipena Loyola Indautxurentzat izango litzateke-eta. Hala, irabaztera behartuta daude ligako kopa eramateko. «Ez da partida erraza izango, baina ilusio guztiagaz, partida irabaztera aterako gara», adierazi du Iker Santos Artibaiko nagusien entrenatzaileak.
Ia denboraldi osoan lehenengo joan dira Artibaikoak, eta azken borroka besterik ez zaie falta, berriz ere lehenengo postua lortzeko. «Partida polita eta emozioz betetakoa izango da», dio entrenatzaileak.
Igoera ospatzen
Orain dela bi asteburu ziurtatu zuten Lurraldeko Lehenengo Mailarako igoera Artibai FTko nagusiek, eta joan den zapatuan Markina-Xemeingo zelaian jokatu duten etxeko azken partidan ospatu zuten ekintza gogoangarria.
Barroeta futbolzalez bete zen, eta txarangagaz girotu zuten bai partida bera zein ostean herrian zehar egin zuten kalejira. «Zapatukoa zoragarria izan zen. Bizi izan dudan ekitaldirik politenetakoa. Taldea, zuzendaritza eta herritarrak oso pozik ibili ginen, eta giro on eta futbol edarragaz gozatzeko aukera eduki genuen», azpimarratu du Santosek.
Berrizko taldea izan zuten aurkari, eta 3-0 irabazi zioten, batez ere, bigarren zati bikain bat jokatuta. Fruizen ere, maila horretan arituz gero, aukera asko izango ditu taldeak liga bere egiteko.