Orain arteko galdeketen olaturik handienagaz bat egingo dute Lea-Artibaik eta Mutrikuk maiatzaren 7an. Ondoko herriak izango dira erabakitzeko eskubidea hitzetatik praktikara eramango dutenak: Aulesti, Amoroto, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Lekeitio, Ondarroa, Ziortza-Bolibar eta Mutriku.
Guztira,
16 urtetik gorako 26.377 herritar daude deituta Lea-Artibaiko eta Mutrikuko galdeketetara: Aulesti (554), Amoroto (363), Lekeitio (6.280), Ziortza-Bolibar (369), Etxebarria (649), Ondarroa (7.580), Berriatua (1.049), Munitibar (406), Mendexa (383), Markina-Xemein (4.106), Gizaburuaga (175) eta Mutriku (4.621).
Euskal Herriko beste herri askotan egin den bezala, herritarren borondatea era demokratikoan gauzatzeko eta herri honen egituraketa politikoa adosteko hautetsontziak guztion eskura jarriko dituzte herriz herri. Galdeketa, gainera, jai giroan gauzatu nahi izan dute, eta, beraz, herri gehienetan era guztietako ekitaldiak egongo dira.
Gure Esku Dago-ren helburua ahal denik eta parte hartze handiena lortzea dela azpimarratu du herri dinamikak behin eta berriz, eta herritar guztiak botoa ematera animatu ditu.
Gauzak erraz jarri nahi izan dituzte, gainera, inor etxean ez gelditzeko. Hala, aurretiazko botoa emateko aukera ere egon da herri guztietan.
Datu orokorrak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 52 herritan egingo dituzte galdeketak domekan. Gaur arte 91 herritan eraman dute praktikara erabakitzeko eskubidea, eta 300.000 izan dira botoa ematera deitutako herritarrak. Oraingoan, berriz, 250.000 herritarrek izango dute botoa emateko aukera.
Milaka boluntario ariko dira lanean: herri galdeketak antolatzen, bermatzen, hauspotzen…, eta begiraleak ere egongo dira dena ondo ateratzen dela bermatzeko.
HONEKIN LOTUTA: