Gure Esku Dago-ren sorreratik eragile eta herritarren babesa sumatu duzue? Joera nolakoa izan da?
Mutrikun taldea martxan jarri zenetik sumatu genuen herritarrek bazeukatela herrigintzan parte hartzeko gogoa. Deialdia egin izan dugun bakoitzean gurekin egon dira herritarrak, kultur eta kirol taldeak, eragile sozialak eta ordezkari politikoak. Joera gutxitik gehiagorakoa izan da… hondar aleak bezala gehitzen joan gara… orain neurria emateko ordua iritsi da.
Zergatik eman behar da botoa maiatzaren 7an?
Geure buruari eta mundu guztiari erakutsi nahi diogulako herri honek baduela erabakitzeko eskubidea. Horixe egia dela erakusteko eta gure herriaren etorkizunari begira, herritarrek zer nahi duten jakiteko. Garrantzitsua parte hartzea da, bakoitzak bere iritzia ematerakoan esku hartzen duelako, herri honen etorkizuna nolakoa izango den erabakitzen.
Independentistak Sareak eta EH Bilduk, besteak beste, erabaki eskubidea babestu eta baietz bozkatzera deitu dituzte herritarrak.
Edozein erakunde, alderdi politiko edo eragilek du eskubidea bere iritzia emateko eta horren alde egiteko. Edozein hauteskudetan bezala, hori propaganda egitea da, eta, beraz, legezkoa. Guk parte hartzea bultzatzen dugu… beste erakundeetatik hori aktibatzeko bideak jartzen badira, hainbat hobe… Baiezkoaren aldekoak izan, ezezkoaren aldekoak izan edo boto zuria eskatu.
Aurreko galdeketak ikusita, zelako parte hartzea espero duzue?
Guk Mutrikuko zifrak dauzkagu. Giza katera 800 lagunetik gora joan ginen, oihaletan 1.000 lagunetik gora izan ginen (umeek ere parte hartu zuten), herri galdeketa egiteko 750 sinadura bildu genituen… Hor arantzatxo bat badugu, 1.000 lortu nahi genituelako. Oraingoan ere baikor gaude… 1.200 gutxienez, lortu behar ditugu.
Maiatzaren 7aren ostean, zer? Ze ibilbide izango du dinamikak?
Ekainean Bilbon daukagu berriro ere erronka. 150.000 lagun bildu zituen giza kateak… erabakitzeko eskubidearen aldeko katarsi izugarria izan zen, oihalekin egindako erakusketa ere bai… Ordundik hona, barrura begira eta norbanakoaren kontzientzia pizteko ekintzak izan dira. Hemendik aurrera, bietatik egin behar direla uste dut… katarsi handiek elkar elikatzeko balio digutelako… eta pauso batzuk falta dira politikoek esku hartu eta erabakitzeko eskubidea agenda politikoko lehentasunetan jartzeko. Bi bideek batera joan behar dute, herri dinamika eta politikoek egin behar dute bidea.
Kataluniako eta Euskal Herriko prozesuak elkar elikatzen ari dira.
Katalunian politikoek hartu dute testigua eta jarri dute martxan erreferenduma egiteko bidea… Independentziaren aldeko eta kontrako jarrerak indartu dira. Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera indartzen ari da…, baina oraindik bide luzea daukagu parte hartzeko kontzientzia herritarren jarrera orokorra izan arte. Haiek badoaz bidean, eta guk geurea egin behar dugu.
HONEKIN LOTUTA: