Maiatzaren 16an, 18:30ean, Larraitz Zuazo (Bilbo, 1980) zinemagile bilbotarrak ekoitzitzako Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentala proiektatuko dute Etxelilan, Uxu Ondarroako emakumeen taldeak antolatuta. Horrez gain, Zuazogaz eta dokumentaleko protagonista batzuekin ere aurrez aurre berba egiteko aukera egongo da.
Nola sortu zitzaizun dokumental hori egiteko ideia?
Egia esan kanpotik etorri zitzaidan proposamena. Zinebi Bilboko dokumentalen eta film laburren nazioarteko jaialdiak urte batzuk daramatza Bilboko errealizatzaile eta zuzendarien lanak sustatzeko helburuarekin. Iaz horren alde egiten zuten hirugarren urtea zen, baina aurreko urteetan helburu hori modu esperimentalago batean gauzatu bazuten ere, iaz nahi zuten dokumental formatuan lanen bat egitea Bilboko zuzendari batekin.
Eta zuregana jo zuten.
Niri etorri zitzaizkidan proposamen konkretu batekin: Euskaldunaren inguruko artikulu bat eman zidaten, zeinetan lerro baten aipamen txiki bat zetorren esaten Euskaldunako langileen emakumeek ere itxialdia egin zutela, gizonei babesa erakusteko. Esan zidaten ikusteko ea gai hori posible izan ahal zen, ea mamirik bazegoen dokumental bat egiteko beste. Ni gaia aztertzen eta tira egiten hasi nintzen.
Zerrekin topo egin zenuen?
Nahikoa jarraian topo egin nuen dokumentalean agertzen den protagonista batekin: Maribi MaraƱon. Berak komentatu zidan bazegoela beste neska bat gai berdinaren inguruan ikertzen ibili zena. Pertsona hori Araitz Rodriguez antropologoa zen, eta beragaz harremanetan jarri nintzen. Rodriguez Euskaldunan lan egin zuen baten alaba zen, eta behar pertsonal bat tarteko hasi zen ikertzen. Berak ere ez zeukan oso argi emakumeen parte hartzea zenbaterainokoa izan zen… Ni heldu nintzenerako gaia nahikoa alboratuta zeukan Rodriguezek, uste zuelako ez zuela informazio askoz gehiago lortuko, memoria oso galduta zegoelako… Nik proposatu nion bion artean aurrera egitea eta gaian sakontzea.Elkarlanean jarduteko proposamena egin zenion?
Hori da. Hasieran bai Rodriguez eta baita ni ere konturatu ginen itxialdi hartan parte hartu zuten emakumeek ere ez zutela ondo-ondo gogoratzen 30 urte atzera egindakoa; ahaztuta edo albo batera utzita zeukaten. Ez ziren gogoratzen zenbatek parte hartu zuten, nortzuk ziren… Ez ziren gai besteen izenak ere emateko. Kontuan eduki 200 emakume inguruk parte hartu zutela, eta gu zazpi bat emakumerengana ailegatu gara.
Harrigarria da 30 urteko ekintza hori ahanzturan jaustea, ez?
Kontua da emakume horiek orduan egin behar zutena egin zutela eta gero ez da orduan egindakoa babesteko espazio komunik sortu, memoria kolektiborik ez dute sortu. Adibidez, Euskaldunan lan egin zuten gizonak urtero batzen dira, bazkaldu egiten dute eta abar. Emakumeek ez dute horrelakorik egin. Askok, gainera, ez zuten inoiz gehiago hitz egin gai horretaz. Beraz, horren aurrean, guk dokumentalarekin egin nahi izan duguna da jendeari kontatu emakume horiek zer egin zuten.
Orduko ekintza gogora ekartzeko ariketak nola egin zenituzten?
Itxialdia egin zuten lekutik ahalik eta hurreren zegoen gune baten beste itxialdi bat egin genuen. Horretan, bideoen proiekzioak ipiniz, argazkiak erakutsiz, guztion diskurtsoak bilduz… gogora arazten hasi ziren.
Larraitz Zuazo: “Dokumentalean jomugan jarri nahi izan dugu gaur egun hiriek gure iragana albo batera utzi eta gure historia eta gure nortasuna kontuan eduki gabe berriztatzeko daukaten ohitura”
Eskuan jarri zizuten artikulu hartan agertzen zen esaldi txikitik atera zenuten dena.
Hori da, tira eta tira eginda, dokumentala egitera ailegatu ginen.
Emaitzagaz pozik geratu zineten?
Larraitz Zuazo. Argazkia: Erlantz Biderbost
Bai. Prozesua oso polita izan da, aberasgarria. Emakumeak eurak ere oso pozik ikusi ditut prozesu honetan parte hartzearrean eta lortutako emaitzagatik. 30 urte beranduago garai hartan egin zutenari horrelako balioa emateak indartu egin ditu. Beraz, dokumentalaren proiekzioak egiten direnean beraiek ere saiatzen dira horietan parte hartzen eta hitzegiten. Berreskuratu dute hasiera batean zuten izaera. Rodriguez ere emozionatu egin zen. Izan ere, berak uste zuen ezingo zuela gehiago sakondu eta begiratu noraino heldu ginen. Ziklo bat borobil ixtea lortu dugu.
Dokumentala ikusi ez duen bati nola egingo zenioke ikusteko gonbitea? Zergatik ikusi?
Arrazoi asko daude. Alde batetik emakume horiek egin zutena jendeak ez dakielako. Euskaldunako langileen borroka ezagutzen badugu ere, gehienek ez dakite emakume hauek egin zutena. Gainera, orduan beste garai batzuk ziren eta emakume horietako asko eta askok etxean ere gizonari aurre egin behar izan zioten borroka horretan parte hartu ahal izateko; gizon batzuek ez zuten nahi emakumeek parte hartzea. Bestetik, merezi duelako horrelako memoria berreskuratzea; jendeak ezagutzen ez duen errealitate bat ezagutuko du dokumentala ikusita. Argazki artxibo oso ona lortu dugu, non langileak borrokan ikusten diren (orain arte ikusi gabeko argazkiak ere badaude)… Gero, gogoeta egiteko gonbitea egiten dugu: gaur egun hiriek gure iragana albo batera utzi eta gure historia eta gure nortasuna kontuan eduki gabe berriztatzeko daukaten ohitura jomugan jarri nahi izan dugu. Bilboko itsasadar horretan egin denari, adibidez, dokumentalean kritika txiki bat egiten zaio, edizioaren bitartez. Azken finean, berriztatzerakoan ez garelako gai izan gure izaera mantentzeko.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.