Leartikerrek antolatutako bosgarren Polimers & Medical Applications jardunaldia ospatuko da bihar [maiatzak 5], Markina-Xemeinen dagoen Lea-Artibai Berrikuntza Gunean. Osasunaren sektorean polimeroek eta teknologia berriek eskaintzen dituzten berrikuntza eta aukerak aztertzeko helburua duen jardunaldi hau urteroko hitzordu garrantzitsu bilakatu da sektore hauetan interesa dutenentzat. Aurtengo jardunaldiak
silikona likidoa izango du ardatz.
Sei izango dira biharko jardunaldian silikona likidoaren inguruan hitz egiteko Lea-Artibai Berrikuntza Gunera hurbilduko diren adituak. Esaterako, Baionako Merkataritza Ganberako
Aitor Arbelaizek,
Silikona Likidoa eta Osasuna gure lurraldean hitzaldia eskainiko du. Arbelaiz, Leartikerrek zuzentzen duen eta Baionako Merkataritza Ganbera ere kide den Health LSR proiektu europarraren baitan egiten ari den merkatu ikerketaren inguruan ariko da. “Silikona likidoaren erabilera oinarri hartuta, Health LSR proiektuak Akitania-Euskadi-Nafarroa eremuko polimeroen sektoreko enpresen dibertsifikazioa bilatzen du, osasun arlora bideratuz. Horretarako, silikona likidoz egindako 5 prototipo sortu eta ostean enpresetara transferituko dira industrializazio eta merkaturatze prozesuetarako, horrela, proiektuan parte hartzen duten agente ezberdinen lokarri ekonomikoak indartuko dira”, azaldu dute.
Leartiker, medikuntzan erabiltzen diren sistemen hobekuntzan material polimeriko berriak aztertzen dabil. Argazkia: Leartiker
Jardunaldiko beste hitzaldi garrantzitsuetako bat Carlos III Unibertsitateko
Jose Luis Jorcanorena izango dela azpimarratu dute antolatzaileek. Jorkanok Azal funtzionalaren 3D bioinprimaketaz hitz egingo du. “Gai oso interesgarria da Jorcanok mahai gainera ekarriko duena, 3D inprimaketaren bitartez azal funtzionala lortzeak sendagai eta kremen testak egiteko hain polemikoa den animalien erabilera desagertzea suposatu bait dezake”, zehaztu dute.
Etorkizuneko erronka. Markina-Xemeingo zentroarentzat Biomedikuntzaren sektorea etorkizuneko erronka dela azpimarratu dute. “Leartikerren plan estrategikoaren helburua da, teknologia-guneko ikerketa-bolumenaren
%30 biomedikuntzaren sektorearekin erlazionatua egotea 2020an”.
Sektore horreri lotuta,
hainbat akordio sinatu ditu Leartikerrek, enpresa, unibertsitate eta erakunde europarrekin. Leartikerren ikerketa balio erantsi handiko medikuntza-gailu berriak garatzera bideratua dago eta, gaur egungo medikuntzan erabiltzen diren sistemak eta tresnak hobetzen lagunduko duten material polimeriko berriak aztertzen ari gara zentro teknologikoan”.
EGITARAUA:
- 09:15. Ate irekiera.
- 09:30. Jardunaldiaren aurkezpena. Hizlaria: Jose Javier Egurrola (Leartiker)
- 09:45. Araudi berriaren arabera osasun-produktuen ekoizpenean erabiltzen diren polimeroen lege-betekizunak. Hizlaria: Xabier Canals (Tecno-Med ingenieros).
- 10:15. Neurrira egindako osasun produktuen betekizunak araudi berriaren arabera. Hizlaria: Claire Murphy (Tecno-Med ingenieros).
- 10:45. Silikona Likidoa eta Osasuna gure lurraldean. ?Hizlaria: Aitor Arbelaiz (Baionako Merkataritza Ganbera).
- 11:15. Kaferako tartea.
- 11:45. Silikonazko elastomeroak; erabilerak osasunean eta biomedikuntzan. Hizlaria: Bertrand Bordes (Bluestar Silicones).
- 13:15. Point of care sektorean aplikazioa izan dezaketen biosensore ekipamenduen garapena. Hizlaria: Arrate Jauregibeitia (Osasen).
- 12:45. Azal funtzionalaren 3D bioinprimaketa. ?Hizlaria: Jose Luis Jorcano (Carlos III Unibertsitatea).
- 13:15. Jardunaldiaren itxiera.