Egun osoko egitaraua prestatu du Ondarroako Udalak; ekintzak Alde Zaharrean, Alamedan eta Itsasaurre plazan egingo dira, “denei zerbait eskaintzeko asmoagaz”. Aurreko urteetan beste erakunde edo talde batzuk aritu izan dira antolakuntza lanetan, baina aurten antolakuntza lanak egiteko asmorik ezeukatela eta, udalak hartu du ardura hori, “Antxoa Eguna galtzen ez uzteko”. Asteburua iritsi aurretik ere, badaude ekintzak.
Bihar [maiatzak 10], 19:00etan, Gure arrantzaren etorkizuna lantzen hitzaldia emango du Ondarroa 12 Milia taldeko partaide Leo Belaustegik, Kofradia Zaharrean. HITZALDIAREN NONDIK NORAKOAK
Eguenean [maiatzak 11], Kubako emakumeek euren herrialdeari eta musikari egindako ekarpenei buruzko hitzaldia egongo da Etxelilan, 18:00etan, eta ondoren, Jado bikoteak kontzertua eskeiniko du Etxelilan (eguraldi txarragatik lekualdatu dute).
Zapatuko jaia. Azken urteetan bezala, Zubi Zaharretik eta Kantoipe errebueltaraino herriko kultur eta kirol taldeek jarriko dituzten postuak egongo dira, eta bertan elkarte gastronomikoek hainbat eratara prestatutako antxoa pintxoak jarriko dituzte salgai euro batean, 12:00etatik aurrera. Hiru turrun jota hasiko da festa Ondarroan. Herriko tabernek ere antxoa pintxoak salduko dituzte euro batean, Kalare Deuna Arrantzaleen Kofradiak 600 kilo antxoa bideratuko baititu tabernek eta elkarte gastronomikoek lehengaia doan izan dezaten. Guztira 7.000 antxoa pintxo inguru prestatuko dituzte zapatuan.
Zunbeltz Bedialauneta alkatea eta Leire Beitia zinegotzia, Andoni Garciak egindako kartela eskuetan dutela.
Azken urteetan galduta egon den Antxoa Pintxo Lehiaketa ere egongo da aurten. Apallu, Batzokia, Beikozini, Cantabrico, Kulixka, Torrepe eta Txanpa tabernek hartuko dute parte, eta bakoitzak bere tabernako sukaldean prestatutako pintxoa aurkeztuko du 12:30ean, Alamedan. Irabazlearentzat sariak egongo dira. 13:00etan musikak hartuko ditu herriko kaleak. Batetik, Udal Musika Eskolako umeen abesbatzak kantatuko du Zubi Zaharrean, eta bestetik, Joxe Replay taldea, trikitilari eta panderojoleak eta Agosti eta Barrena elektrotxaranga eta ariko dira kalerik kale.
BIDEOA: Ondarroako Udalak jaian parte hartzera gonbidatzeko egindako bideoa.
Arratsaldean, kirolaren txanda izango da. 16:00etan Trainerillen Bizkaiko Txapelketarako sailkapen estropadak jokatuko dira badian, hurrengo egunean leku berean 12:00etan jokatuko den Trainerillen Bizkaiko Txapelketa nork jokatu beharko duen zehazteko.
Aurtengo Zilarrezko Antxoa Arri eta Botx bertsolariek jasoko dutela esan du Leire Beitia zinegotziak, “beraien ibilbide luzean Ondarroan bertsolaritzari egindako ekarpenarengatik”.
Iluntzean, berriz ere musikaz beteko dira Alde Zaharra eta Itsasaurre. 19:30etik aurrera, Agosti eta Barrena eta Joxe Replay taldeek joko dute, eta haien ondoren, Ezten Giro erromeri taldearen txanda izango da Itsasaurren. 20:00etan hasiko dute lehen emanaldia, eta 22:30ean, bigarrena. Erromeriagaz amaituko da 2017ko Antxoa Eguna Ondarroan.
Zilarrezko Antxoa. Aurtengo Zilarrezko Antxoa Jon Arrizabalaga “Arri” eta Jose Mari Aranbarri “Botx” bertsolariek jasoko dute. Leire Beitia zinegotziak azaldu zuenez, “beraien ibilbide luzean Ondarroan bertsolaritzari egindako ekarpenarengatik” jasoko dute saria. Udalak bi bertsolariek herriari eskainitako lana nabarmendu nahi izan du.
Arri eta Botx bertsolariek jasoko dute aurtengo Zilarrezko Antxoa.
Ondarroako Udalak herrian aparkatzeko dagoen arazoa ikusita eta espero den jende kopurua kontuan hartuta, garraio publikoa erabiltzeko deia egin die kanpotik etorriko direnei. Autoz datozenak, Zaldupeko anexoko aparkalekura eta institutura bideratuko dituztela gaineratu dute. Eskualdeko herrietara itzultzeko Gababus zerbitzua ere martxan egongo da, “gaua luzatzen zaienek autorik hartu behar izan ez dezaten”.
Aurtengo Antxoa Eguneko kartela Andoni Garcia ondarrutarrak diseinatutakoa da, eta Antxoa hondar-ahoan dauka izena.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.