Asteburu gazi-gozoa izan da Lea-Artibai eskualdeko futbol taldeentzat
Porrot mingarria jaso du Ondarroako Aurrera Futbol Taldeak Zaldupen, Realaren aurka. Sondikan galduta, maila galdu du Lekeitiok. Artibaiko nagusiek liga txapelketa irabazi duteAsteburu gazi-gozoa izan da eskualdeko futbol taldeentzat. Guztiek zeukaten ...
Porrot mingarria jaso du Ondarroako Aurrera Futbol Taldeak Zaldupen, Realaren aurka. Sondikan galduta, maila galdu du Lekeitiok. Artibaiko nagusiek liga txapelketa irabazi dute
Asteburu gazi-gozoa izan da eskualdeko futbol taldeentzat. Guztiek zeukaten zerbait garrantzitsua jokoan, bai sailkapenaren goialdean eta baita jaitsiera postuei begira ere, eta emaitzak oso ezberdinak izan dira.Aurrera Kirol Elkarteak 0-3 galdu egin zuen zapatu arratsaldean, Zaldupen, Realaren aurka. Joseba Plazak entrenatutako mutilek sailkapenean aurretik zituzten taldeei aurrea hartzeko aukera galdu zuten, eta jardunaldi baten faltan, jaitsiera zuzeneko postuetan daude. Azken partidua zapatuan jokatuko dute, 18:00etan, Amurrion.
Lekeitio Futbol Taldeak porrot mingarri bategaz esan zion agur Lurraldeko Ohorezko Mailari. Sondikaren aurka 5-0 galdu eta gero, agur esan zieten datorren denboraldian maila berean jarraitzeko aukerei. Sailkapeneko azken postuan daude orain Puenteren mutilak, 21 puntugaz. Datorren asteburuan etxeko azken partidua jokatuko dute, San Pedroren aurka. Zapatuan izango da hori, 17:00etatik aurrera, Larrotegin.
Ligako txapeldun
Artibai Futbol Taldeak, berriz, multzoko txapeldun izatea lortu zuen zapatuan, Fruiz Kirol Taldeari 1-4 irabazi ostean, Beñat Malaxetxebarria, Cheich Coly, Eñaut Gorosabel eta Josu Aldazabalen golei esker. Partidua ondo kontrolatuta izan zuten hasiera-hasieratik, 0-1ekoa hirugarren minutuan sartu baitzuten. Gero, 0-2koa etorri zen, baina Fruizek sartutako golak partidua estutzeko balio izan zuen. Partiduak erritmoa galdu zuen, baina Gorosabelek hirugarren gola egin eta markagailuan aldea handitu zenean, lasaitasuna iritsi zen Artibairentzat. Orduan egin ziren berriz ere baloiaren eta partiduaren jabe, eta horrela iritsi zen laugarren gola ere.
Iker Santosek entrenatutako mutilek Lurraldeko Bigarren Mailako finala jokatuko dute orain, bi partidutara, Zuazo taldearen aurka. Lehenengo neurketa zapatuan edukiko dute, 17:00etan, Barroetan, eta itzulerako partidua berriz maiatzaren 20an, Barakaldoko Ansio futbol zelaian.