Koroidemia gaixotasuna duten pertsonen elkartea diruz laguntzeko asmoz batuko dira eskualdeko herritarrak zapatuan [maiatzak 13] Mendexan.
Goizetik eguerdira arte
herri kirol erakustaldiak egongo dira, eta egun guztian trikitilariak ariko dira giroa alaitzen.
Trontza, txinga erute, txokor batze, sokatira, giza probak gurpilekin… askotariko herri kirol erakustaldia burutuko dute ume zein nagusiek: “Herri kirolak egiten dituzten ume talde baten gurasook erabaki dugu zapatuko eguna antolatzea. Orain dela bost bat urte Aulestin Koroidemiaren ikerketaren alde egindako jaialdian egon ginen herri kirolak egiten, eta oraingoan Mendexan zerbait antolatzea erabaki dugu”, azaldu du Zuriñe Idoetak.
Eguerdiko umeen eta nagusien bazkarietarako izena eman behar da 618 37 79 53 telefono zenbakira deituta, eta
eguaztena [maiatzak 10] da horretarako azken eguna. Umeek 8 euro ordaindu behar dituzte, eta nagusiek 12 euro.
Bazkalostean umeen jolasetan ondo pasatzeko aukera izango dute ume zein gaztetxoek, eta
zozketak egingo dituzte. Lorez beteriko otzara bat, askotariko elikagaiez osaturiko bi otzara, bi lagunentzako otordu bat Klaudio jatetxean eta bainuetxe bateko saioa.
EGITARAUA:
- 10:30. Umeen eta nagusien herri kirol erakustaldia.
- 12:30. Herri kirolak.
- 14:30. Umeen bazkaria.
- 15:00. Nagusien bazkaria.
- 16:00. Umeen jolasak.
- 17:00. Zozketa.