Zientziaren Giltzak elkarteak ekintzaz betetako egitaraua antolatu du Ondarroan egitekoa den I. Zientzia Asterako.
Bihar [maiatzak 10] hasi eta maiatzaren 19ra arte, zientziagaz zerikusia daukaten hainbat ekintza egingo dituzte herriko hainbat lekutan: ikastetxeetan, erakusteka aretoan, tabernetan…
Bihar, 22:00etan, elkarteko kideak egongo dira Radixu Irratiko
Azken Mohikanoak irratsaioan, antolatu duten guztia azaltzeko. Maiatzaren 12tik 21era, Nanokomiki lehiaketa eta
Zientzia komikietan erakusketa egongo dira, udal erakusketa aretoan.
Zientziaren Giltzak elkarteko kideak. Ezkerretik eskumara, Josu Zeberio, Nagore Elu, Mario Feijoo eta Edu Zabala.
Egitarauaren barruan,
Pint of Science egitasmoa ere martxan jarriko dute, munduko beste hainbat herritan egiten den ekintza.
Beikozini aretoan eta
Idoia eta
Kirrixki tabernetan gai ezberdinei buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte zenbait adituk, tartean Nagore Elu zientzialari ondarrutarrak.
Maiatzaren 17an, eguaztenean, ingurune toxikoak arrainen sexu desberdintzapenean daukan eraginari buruzko
Tupper sex zientifikoa monologoa eskainiko du Ibon Cancio biologoak Idoia tabernan, 19.30ean. Horren ondoren, Tito Blas garagardo artisauen dastaketa egongo da Imanol Rodriguez adituagaz. Egun berean, 22:00etan, Radixu Irratiko Azken Mohikanoak saioan irailean
Francisco Etxeberria forentseak eskaini zuen hitzaldia egongo da entzungai.
Maiatzaren 18an, 17:30ean,
Ondarroako Bertso Topaketa egingo dute. Ekitaldiaren barruan III. Arri-Botx Bertso paper lehiaketaren sari banaketa, Nerea Ibarzabal eta Eneko Arrateren bertso saioa eta Oier Ponceren kantaldia egongo dira. Ondarroako bertsolaritza ikasleek ere parte hartuko dute ekitaldian. Ondarroako Udalak eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu dute.
Arri-Botx bertso paper lehiaketaren sari banaketa. Argazkia: Udalbarriak
Zientziaren Asteari amaiera emateko, maiatzaren 19an, 18:30ean, zientziak eta teknologiak Siria eta Irakeko gerretan zer nolako eragina duen azalduko du Aitor Zabalgogeaskoa Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko Turkiako ordezkariak. Beikozinin izango da hitzaldia.