Bihar [maiatzak 11] egingo den Euskadiko diseinatzaile gazteen finalean egongo da Yaiza Txakartegi lekeitiarra.
61 diseinatzailek aurkeztu dituzte diseinuak lehiaketara, eta horietatik
hamabi hautagai pasatu dira finalera, tartean, lekeitiarra. Biharko hitzordua irabazten duenak Euskal Herria ordezkatuko du Espainiako finalean.
Yellow Ambition izeneko bilduma aurkeztu du Txakartegik lehiaketara.
Sei lanek osatzen duela bilduma azaldu du 23 urteko diseinatzaile gazteak. “Lehenengo aukeraketan dosierra aurkeztu genuen, gure proiektua azalduz, eta finalerako aukeratu gintuztenean, proiektua sortu eta orain, finalean aurkeztuko dugu”, azaldu du. Bere marka ere badauka: Aiza.
Yaiza Txakartegiren Yellow Anbition bildumako jantzi bat. Argazkia: Yaiza Txakartegi
Lehiaketa honetan parte hartzen duen
lehen aldia dela zehaztu du lekeitiarrak. Hala ere, beste lehiaketa batzuetan parte hartu eta finaletara ere ailegatu da. “Creamodako finalean egon nintzen iaz, eta bigarren maila ikasten nenbilela Getxomodara aurkeztu nuen beste proiektu bat”.
Publikoarekin. Barakaldoko Max Centerren izango da finala,
19:30ean, eta
publikoari zabalik egongo da. Izan ere, txapelketa honetan, epaimahai profesional baten erabakiagaz gain, publikoaren iritzia ere izan dute kontuan. Diseinatzaileen lanaren lagin bat ikusgai jarri zuten, eta Barakaldoko merkataritza-gunetik igaro direnek euren gustuko diseinatzailearen aldeko botoa emateko aukera eduki dute.
Egunotan bere bildumari
azken ikutuak eman eta desfilea prestatzen ari dela zehaztu du lekeitioko diseinatzaileak. “Orain arte epaimahai profesionala izan duten lehiaketetan parte hartu dut eta biharkoa, publikoagaz, ez dakit nola aterako den”.