Erabilgarri noiz egongo den oraindik zehaztu ez duten arren, tirolina, berriz ere martxan jartzea erabaki du Markina-Xemeingo Udalak, ordutegi zehatz bategaz. Goizean zabaldu eta arratsaldean itxiko dutela azaldu zuten udal ordezkariek, martitzen arratsaldean udaletxean egin zen batzar zabalean.
Tirolina dagoen Beheko Mojen plazako bizilagunen kexak entzunda, ordutegi bat jarriz gero, erabiltzaileen jarrerek hobera egiten duten
frogatu nahi dute epe batean. Ordutegi zehatzagaz gain, udaltzaingoak inguru horretako
zaintza handiagotuko duela nabarmendu zuen Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak.
Beheko Mojen Plazako tirolina.
Tirolina martxan egon zen bitartean jarrera desegokiak gehitu egin zirela azaldu zuten inguruko bizilagunek. Zaratak, baloikadak, apurketak… Eta tirolina geldiarazi zutenetik lasaitasuna berreskuratu dutela azpimarratu zuten.
Horrelakorik berriz gerta ez dedin, tirolina martxan jartzen denean, erabileraren
jarraipena egingo du udalak.
Auzo biziak. Jarrerak hobetuta tirolinaren eta parkearen erabiltzaileen eta bertako bizilagunen bizikidetza on bat lortu nahi du udalak. Izan ere, udalaren asmoa auzo biziak sortzea da, eta kanpoko jolasak sustatu nahi dituzte ume eta gazteei
aisialdi aukera berriak eman eta ohiturak aldatzen joateko. Alkateak aitatu zuenez, jolasak auzo gehiagotan jarriko dituzte.
Tirolinaren inguruan ere agertu diren jarrera desegokiak, denbora luzean
herri osoan errepikatzen ari direla azaldu zuten, bestalde, udal ordezkariek, eta arazo horreri konponbide bat emateko asmoz, guraso eta gazteentzako formakuntza saioak ematea proposatu zuten herritarrek batzarrean. Bekobenta eta Bera Kruz herriko ikastetxe biek eta gazteekin aritzen diren taldeak deituko dituzte gai horren inguruko lanketa hasteko.