Josu Agirreamalloa
Olabe markina-xemeindarrak gazte mailan, eta Xabier Arrizabalaga
Txirloi ondarrutarrak 22 urtez azpikoetan jokatuko dituzte finalak domekan. Bizkaiko lauterdiko txapelketaren finalak, Derio Kopa ere deitua, domekan jokatuko dira Derion, 16:30etatik aurrera. Biek ala biek partidu zailak dituzte, baina frontoira konfiantzarekin atera eta txapelak Lea-Artibai eskualdera ekartzea dute helburu.

Bizkaiko lauterdiko txapelketako aurtengo finalistak. Txirloi eta Olabe, ezkerretik lehenengo biak. Argazkia: BEPF
Agirreamalloak, Gaizka Kareaga galdakoztarraren aurka jokatuko du. Adiskideak taldeko pelotaria da gazte mailako iazko txapelduna, eta markina-xemeindarra urte bete gazteagoa izan arren, txapela irabazten saiatuko da. Olabe, kadete mailako azpitxapeduna izan zen iaz. Aitortu du, askotan jokatu duela Kareagaren aurka, eta beti izan direla partidu gogorrak. Galdakaoko pelotaria fisikoki ere oso gogorra dela nabarmendu du pelotari gazteak.
22 urtez azpikoen mailan lehiatuko da Xabier Arrizabalaga ondarrutarra. Ander Etxegibel izango du aurkari, eta pilotari ondarrutarra bi urte zaharragoa den arren ez da fidatzen, final batean edozer gertatzea baita posible. Etxegibelen pilotakada gogorrei partidu garrantzitsuak jokatzeko duen esperientziarekin aurre egingo dio Txirloik. Finalaurrekorik jokatu gabe iritsi zen finalera pilotari ondarrutarra, aurkariak ezin izan zuelako partidua jokatu. Arrizabalaga eskuetako minekin aritu da azken aste hauetan, baina finala jokatzeko prest dagoela aitortu du.