Gernika RTn 20 bat urte egin ostean, errugbia uztea erabaki du Jon Magunazelaiak (Forua, 1987). Hamabi urte egin ditu lehen taldeagaz; kapitain izateko ardura izan du zenbait denboralditan. Markina-Xemeinen bizi da.
Zergatik erabaki duzu errugbia uztea?
Ordu asko zaude etxetik kanpora, eta familiaz gozatzeko momentua heldu zaidala uste dut. Aita izan naiz orain urtebete, eta astean hiruzpalau bider 23:00ak aldera heldu izan naiz etxera.
Apirilaren 30ean jokatu zenuen taldeagaz azken partida, Urbietan. Zelan bizi izan zenuen?
Gozatu egin nuen. Eguerdian jokatzen dugunean, elkarregaz gosaltzen dugu, eta azkena zenez, minutu bakoitza gozatzen ahalegindu nintzen. Txikitatik desiatzen zaude lehenengo taldean jokatzeko, eta azken partida izango dela ikustean, malkoren bat ere atera zitzaidan.
Atzeratu zen partida jokatu zenuten Alcobendasen kontra, eta 27-7 irabazi. Garaipenagaz agurtzea gozoagoa izan al zen?
Dena ematen saiatzen zara beti, eta halako partidetan, are gehiago. Gauzak ondo atera zitzaizkigun, eta halako garaipen bategaz agurtzea pozgarria da bai.
49 puntugaz, zortzigarren amaitu duzue denboraldia. Zelako balorazioa egiten duzu?
Oso ondo hasi ginen; azken urteetan ez bezala, fitxaketekin asmatu genuen. Baina Gabonetako geldialdiaren ostean, azken hiru jardunaldiak heldu arte, Ciencias talde sevillarraren kontrako partida baino ez genuen irabazi. Partidak ez zitzaizkigun ateratzen. Gero, azken hiruretan, garaipena lortu genuen. Olatua hartzea legez izan zen.
Zure ustez, zer falta izan zaio taldeari bigarren bueltan?
Anbizioa. Estatistikoki salbatuta egotean jendea erlaxatu egiten da. Play off-etarako sailkatuta ez ginela eta jaitsiera arriskurik ez genuela ikustean, ez genuen irabazteko presio hori.
Aurten bi entrenatzaile izan dituzue, Eduardo Maidagan y Nico Martinez. Zelakoa izan da zuekin izan duten harremana?
Nico taldeko jokalaria izan zen, eta gugaz beti tratu ona eduki du. Maida ere etxekoa da, ni txikitatik ezagutzen nau, eta jakin du nigaz zelan lan egin. Taldea ondo eroaten asmatu dute, eta hori gaitza izaten da askotan.
Kapitaina ere izan zara.
Europan jokatu genueneko denboraldi osoan izan nintzen kapitaina. Esperientzia oso polita izan zen, baina «marroi» denak ere jan nituen. Arazo ekonomikoak tarteko, jendeak badaki zer pasatu zen. Zuzendaritza eta jokalarien artean nengoen, eta ez zen samurra izan. Jokalariei esaten nien gauzak ondo irtengo zirela, animatzeko. Baina, zuzendaritzaren partetik ez zen horrela izan, eta txarto pasatu nuen.
Kirol arloa eta arlo ekomonikoa bereiztea ez zen erraza izango.
Ez, denak dauka eragina. Liga eta Errege Kopa irabazteko aukerak izan genituen, baina azkenean ez genuen ez liga ez kopa irabazi. Urte gogorra izan zen. Europan italiarren kontrako joaneko eta bueltako partidak irabazi genituen. Lehen taldea izan ginen Europan irabazten.
Zelan gogoratzen dituzu hasierako urteak?
San Fidel Ikastolako asfaltozko pistan eta Seber Altube Ikastolako futboleko pistetan entrenatzen genuen. Txiki mailara heltzean, belar gainean entrenatuko ginela esaten ziguten, eta desiatzen geunden. Sari modura, bariku batzuetan Urbietako belartzara ekartzen gintuzten. Gaur egungo umeek ez dakite zer den hori.
Zelan laburbilduko zenuke zure kirol ibilbidea?
20 bat urte egin ditut taldean. 17-18 urtegaz hasi nintzen lehen taldean jokatzen, eta hamabi bat urte egin ditut. Taldea nazionaletik Ohorezko B Mailara igo zenean egin nuen lehen taldeagaz lehen denboraldia, eta gaur arte. Pasadizo asko ditut, hainbeste partida dira, eta etxekoak gutxi gorabehera beti berdinak izan gara. Baina hainbeste jende pasatu da taldetik. Behin autobusean gindoazela taldetik pasatu direnen zerrenda egiten hasi ginen, idatzi eta idatzi, zerrenda oso luzea egin genuen, eta seguru baten bat ahaztu zitzaigula.
Eta zein berbagaz laburbilduko zenuke zure lana?
Ilusioa eta anbizioa. Ilusioagaz egon naiz beti. Behin entzun nuen atseden hartzen duzunean zure etsaiak entrenatu egiten duela; beraz, ahal izan dudan guztietan entrenatu dut. Bertuterik ez dut eduki, baina konstantea izan naiz beti.
Umetan hasi zinenetik taldean jarraitzen duenik bada?
Orain ez. Iaz Markel Aranberrik taldea utzi behar izan zuen, lanera kanpora joan behar izan zuelako. Hura ni baino apur bat lehenago hasi zen, eta txikitatik batera egon gara.
Klubarentzat la hostia izan naizela entzutea ikaragarria izan da. Harritu nau. Europako lehen partidan kapitain izatea ere ez zait sekula ahaztuko, gauza horiek hor geratzen dira. Umea jaio eta gau guztia ospitalean pasatu ondoren partida oso gaitz bat irabazi genuen
Basurde moduan partida asko jokatu, eta askotariko momentuak bizi izan dituzu. Zein da gogoan duzun momenturik bereziena edota gozoena?
Hainbeste daude, bat aipatzea ez dela erraza. Adibidez, azken partidan jaso nuen berotasuna ez nuen espero. Urdairackekoek kartelak egitea ez nuen inondik inora espero. Partidaren ostean ere Facebooken babes itzela sentitu dut. Klubarentzat la hostia izan naizela entzutea ikaragarria izan da. Harritu nau. Beti nire lana egiten jarraitu dut; ez dut gura izan nabarmendu. Europako lehen partidan kapitain izatea ere ez zait sekula ahaztuko, gauza horiek hor geratzen dira. Umea jaio eta gau guztia ospitalean pasatu ondoren partida oso gaitz bat irabazi genuen. Amaierako pasilloan batek galdetu zidan zergatik negoen negarrez. Partida irabaztea, emaztea ospitalean… Gauza asko izan dira, eta emozio asko bizi izan ditut.
Eta momentu gogorrena?
Ohorezko B Mailatik A mailara igotzeko Les Abelles talde valentziarraren kontrako etxeko partidan hiruna berdindu genuen, eta kanpokoan bost puntugatik galdu. Hurrengo urtean igo ginen, baina urte horretan ez. Urte guztian gogor lan eginda, igotzeko ilusioa genuen, eta aukerak edukita ez igotzea gogorra izan zen. Negarrez amaitu genuen. Bestalde, Europako urtea ere gogorra izan zen. Lehenengo joan eta gero, Liga ez Kopa ez lortzeak ere eragin zigun.
Harrobiari dagokionez, zelan ikusten duzu etorkizuna?
Herri txikia da, eta kirol asko daude aukeran. Futbolak darama %70, eta beste %30 banatu egin behar da. Lokatza, kolpeak eta abarrak direla eta, guraso asko mesfidatiak dira errugbiarekiko. Baina bere kutsuak eta filosofiak dute garrantzia.
Nesken taldea ere osatu da, eta lehiatzen hasi da.
Ilusioz ari dira lanean, eta hori garrantzisua da. Askotan bigarren taldekoak baino jokalari gehiago batzen dituzte entrenamenduetan, eta oso ondo entrenatzen dute. Partida batzuk ere irabazi dituzte; ea horrela segitzen duten.
Klubagaz harremana izaten jarraituko duzu?
Ilusioa badut, eta gustatuko litzaidake, baina orain nahi dudana da apur bat burua argitu, pare bat urtean edo. Jendea joan-etorian dabil, eta beti eskuak zabalik hartu dituzte. Orain emazteagaz eta umeagaz gozatzeko momentua da. Gainera, Markina-Xemeinen bizi naiz, eta autoan 40 minutu ditut. Hara eta hona ibili beharra… Dena eta ezer ez.