Lekeitio Futbol Taldeak antolatutako hondartza txapelketaren finalak jokatuko dituzte
domekan [maiatzak 14], 12:00etan hasita. Kantauriko Marrazoak B taldeak Gepardoak taldearen kontra jokatuko du, eta Euskadi A taldeak Arranoak taldea izango du aurkari.
Argazkia: Jesus Mari Anakabe.
13:00etatik aurrera Athletic eta Ardibeltz eta Alferrak eta Burugogorrak A taldeen arteko neurketekin gozatu ahalko dute Isuntza hondartzara bertaratzen direnek.
6-14 urte bitarteko
309 umek parte hartu dute, eta horiek erakutsitako eta egindako ahalegina nabarmendu dute antolatzaileek. Txapelketaren helburua taldean ondo moldatzea eta ondo pasatzea dela zehaztu dute: “Kiroltasunari garrantzia ematen diogu, eta parte hartzeagaz batera umeek egindako ahalegina azpimarratzekoak dira”.
14:30ean egingo dute sari banaketa ekitaldia, eta
parte hartzaile guztientzat sariak egongo dira. “Haiei ilusioa egiten die domina jasotzea eta denek jasoko dute bana. Hala, haiek egindako ahalegina sarituko dugu”. Herriko nagusien futbol taldeko kideek banatuko dituzte sariak, eta halaber, federazioko zein Athleticeko ordezkariek parte hartuko dute sari banaketa ekitaldian.
Zozketak. Bestalde, sari banaketagaz batera produktu desberdinekin osaturiko otzarak eta Athleticen kamiseta bat zozkatuko dituzte.
Txapelketaren 41. urteurrena antolatzeko izan duten laguntza ere nabarmendu dute Lekeitio FTko kideek; Athleticen zein Urdaikiren babesa eskertu dute. “Gero eta gaitzagoa da txapelketa antolatzea. Gaur egun aseguru kontuak etab direla eta gero eta kostu ekonomiko handiagoa suposatzen du, eta babesleen laguntza asko eskertzen dugu”.