Bihar [maiatzak 13] 16:00etan hasiko dira estropadak Ondarroan eta Mutrikun. Gazte mailako mutilek eta senior mailako neska zein mutilek hartuko dute parte bi txapelketetan. Mutrikun, Talde bakoitzeko trainerila batek hartuko du parte Gipuzkoako txapelketan, eta ontzi gehiago dituzten taldeak Federazio Txapelketaren baitan jokatuko dute.
Ondarroa Arraun Elkarteak bi trainerila uretaratuko ditu, bat nesketan eta beste bat mutil seniorretan, Mutriku Arraun Taldeak berriz, bi trainerila aterako ditu bihar, bakoitza euren lurraldeko txapelketa bat lehiatzera.
Mutriku Arraun Taldeko arraunlariak. Argazkia: M.A.T.
Biharko estropadan sailkapena lortzen duten taldeek domeka goizean egingo dute berriz arraun, Bizkaiko eta Gipuzkoako Trainerila Txapelketako bandera irabazteko. Domekako estropadak 11:00etan hasiko dira Mutrikun eta 12:00etan Ondarroan
Bizkaiko Trainerila Txapelketan nesken bost ontzi, jubenil mutilen sei eta mutil seniorren bederatzi arituko dira bihar. Mutrikuko uretan, mutilen gazte mailako zazpi talde, nesken hamar ontzi eta mutil seniorren hamairu trainerila ikusi ahal izango dira. Azken hautetatik seik parte hartuko dute Federazio Txapelketan eta zazpik Gipuzkoako Trainerila Txapelketan.
Ondarroa Arraun Elkarteko nesken trainerila, Elantxoben. Argazkia: Ondarroako Kirolaren Lehioa