Antxoa dastatzeko gogoz, jendetza batu da Ondarroan
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Goizak aurrera egin ahala, jendez betetzen joan da Nasa kalea eta eguerdiko une batzuetan ez da erraza izan zeharkatzea. Ondarrutarrez gain, Lea-Artibai eta inguruetako herrietako bisitariak batu ditu jaiak, bai eta Durangaldeko eta Bilboaldeko lagun asko ere. Antxoa pintxoek arrakasta handia eduki dute; fritoak esate baterako arin-arin desagertzen joan dira postu guztietatik.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Antxoa pintxo lehiaketa. Jaia ez da mugatu Alde Zaharrera bakarrik. 12:30etik 13:30era Alamedan Antxoa pintxo lehiaketa egin dute. Zortzi parte hartzaile egon dira: Apallu, Sutargi, Kantabriko, Txanpa, Torrepe, Kulixka, Batzokia eta Bekozini. Agurtzane Iriondok, Mari Karmen Oterok eta Josebe Anakabek osatu dute epaimahaia. Pintxoen itxura eta kolorea ikusi, mokadutxo guztiak usaindu, eta banan-banan dastatu dituzte erabakia hartu aurretik. 1etik 8ra arteko puntuaketa eman dio epaimahaikide bakoitzak pintxo bakoitzari, eta puntu guztien batuketa eginda atera da irabazlea. Kantabrikorena izan dela aurten, pintxorik hoberena, erabaki du epaimahaiak. 24 puntu lortu ditu Kantabrikok; hurrengo gelditu dira Bekozini 22 puntugaz eta Batzokia 21 punturekin. Irabazlea nor izan den bertan Alamedan esan badute ere, Alde Zaharrean eman diote saria Kantabrikori. Pantxo Bedialauneta sukaldariak eta Ikerne Etxebarriak daramaten tabernako ordezkari gazte bi igo dira Alde Zaharreko oholtzara, Naroa Bedialauneta izan baita pintxo irabazlearen egilea, eta pozik hartu dute irabazlearen txapela.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Zilarrezko Antxoa. Herriko hainbat talde eta elkartek antolatutako ekintzetan parte hartzeko prest egon dira beti Jon Arrizabalaga Arri eta Jose Mari Aranbarri Botx bertsolariak. Eta beti laguntzeko erakutsi duten borondate on hori eskertu nahi izan diete aurten udalak eta herritarrekĀ Zilarrezko Atxoagaz. Pozik igo dira oholtza, gainera, biak sariaren bila. Ez dira egon bakarrik, euren eskutik berriz ere indarrean dagoen Ondarroako Bertso Eskolako bertsolariak izan dituzte-eta ondoan. Bertso eskolako lagunek lehenbizi, eta omenduek gero, esker oneko eta emozioz betetako bertsoak eskaini dituzte, eta txalo beroagaz erantzun diete herritarrek. Oso pozik hartu dute saria Arrik eta Botxek. Herriak euren lana eskertzea eta aintzat hartzea pozgarria dela esan dute. “Ez genekien ezer, azken egunetan enteratu gara. Ez genuen espero, baina ezusteko polita izan da”. Pozik daudela esan dute, batez ere, bertso eskola muntatzea lortu dutelako eta bertsolaritza aurera doalako herrian. “Hutsune handi bat zegon. Guk bete genuen hutsune hori, eta orain, zorionez, bertsolari gazteak ere baditugu. Badaukagu etorkizuna, ea jende gehiego ere animatzen den”.


























































































