Asteburuan jokatu dira lurralde bietako Trainerila Txapelketak Ondarroan eta Mutrikun. Zapatuan sailkatze estropadak jokatu ziren, eta domekan finalak.
Bi txapelketetan, gazte eta senior mailako mutilek eta neskek lehiatu zuten. Bizkaiko Txapelketan, Kaiku izan zen mutilen gazte mailako txapelduna, 14 minutu eta 33 segunduko denboragaz. Gazte eta senior mailako nesketan, Deustu Arraun Taldea izan zen lehena, 16:33ko denboragaz, eta seniorretan Bermeo izan zen txapelduna, 13:46 denbora eginda. Bigarren izan zen Zierbenak 24 ehuneneko gehiago behar izan zituen. Gipuzkoako Txapelketan San Juan izan zen nagusi gazte eta nesken mailan, 14:09 eta 14:49 denborekin hurrenez hurren. Senior mailako mutilen Gipuzkoako Trainerila Txapelduna Hondarribia izan zen, 13 minutu eta 26 segunduko denboragaz.
San Juan Koxtape Arraun Elkarteak irabazi zituen gazte mailako mutilen eta nesken banderak Gpuzkoako Trainerila Txapelketan. Argazkia: San Juan Koxtape A.E.
Etxekoak. Lea-Artibai eta Mutrikuko trainerilek emaitza ezberdinak lortu zituzten Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketetan. Bizkaiko txapelketako nesken gazte eta senior mailan, hirugarren egin zuen Ondarruk, 17:22ko denboragaz. Isuntzak, 19 minutu eta 47 segundu behar izan zituen, eta bosgarren lekuan sailkatu zen. Gazte mailako mutiletan, ez ondarrutarrek ezta lekeitiarrek ere ez zuten trainerilarik izan igandeko jardunaldian. Senior mailako mutiletan, hirugarren egin zuen Ondarruk, 14:10 denboragaz. Txapelduna izan zen Bermeo baino 23 segundu gehiago behar izan zituen. Isuntza aldiz, bosgarren sailkatu zen, 14 minutu eta 26 segundu behar izan baitzituen. Ondarrutarrek brontzezko dominak lortu zituzten bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan, eta mutilek gainera trainerila liga irabaztea lortu zuten. Mutriku Arraun Taldeak ez zuen lortu domekako estropadara sailkatzea.
Ondarroako mutil seniorrek eta neskek brontzezko dominak lortu zituzten. Argazkia: Ondarroa AE