Ligako azken jardunaldian Amurrioren aurka 2-2 berdinduta maila galdu zuten zapatuan Joseba Plazaren mutilek. Azken sailkapenean 18. postuan geratu dira, eta ezin izan zuten zuzeneko jaitsiera saihestu, 38 puntugaz.
Amurrioren aurkako partiduan ez zuten azkeneraino etsi ondarrutarrek, nahiz eta markagailuan atzetik joan partidu osoan zehar. Arabarren lehen gola bigarren minutuan iritsi zen, falta jaurtiketa batek giza-hesian jo eta baloiaren norabidea aldatuta. Bigarrena berriz, 40.minutuan iritsi zen, areaz kanpotik egindako jaurtiketa batean. Joseba Plazaren mutilek aurrera egin zuten bigarren zatian, baina golak beranduegi irtsi ziren. Eneko Ibarluzea aurrelariak egin zituen berdinketaren bi golak, 78. eta 92. minutuetan. Berdinketak ez zien balio izan gorritxoei ezertarako, eta zuzeneko jaitsiera postuetatik irtetzeko puntu bakar batera gelditu ziren.
Aurrerak Amurrion zelairatutako hamaikakoa. Argazkia: leartigol.com
Hau izan zen Aurrerak zelairatutako hamaikakoa: Oier, Beñat, Elizburu (Txus 56´), Bengoetxea, Laka, Ugarte, Jon Gabi(Eneko 75´), Olabarria, Arufe, Urresti (Iraitz 81´) eta Tubo.
Entrenatzailearen mezua. Joseba Plaza entrenatzaileak asteburuan sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean, eskerrak eman nahi izan zizkien bai taldekideei eta baita zaletuei ere, denboraldi guztian emandako babesarengatik. Nabarmendu zuen denboraldiko helburu nagusiena ezin izan zela lortu, eta horregatik ezi zuela pozik egon, baina zaletuek partidu bukaera taldeari jotako txalo zaparrada eta besarkadak harro egotekoak direla gaineratu zuen.
Bestalde, kirol elkarteak jakitera eman duenez,
Joseba Plazak entrenatzaile kargua utziko du, eta Ibon Lopezegaz daude harremanetan. Datozen egunetan espero dute Lopezegaz kontratua lotzea.
Datorren denboraldian, Bizkaiko Ohorezko Mailan jokatuko du Aurrerak, bere historian lehen aldiz. Betidanik egon izan da Gipuzkoan jokatzen, duela urte askoko erabaki bat zela eta, baina duela bi denboraldi Bizkaiko Federakuntzara igarotzea erabaki zuen bazkideen asanbladak. Orain, maila galduta, datorren denboraldian Bizkaiko Ohorezko Mailan jokatza egokituko zaio lehen aldiz.
Joseba Plazak mezu hunkigarria eskeini zuen sare sozialen bitartez.