Elkartasuna eta kirola uztartu dituzte Mendexan
Koroideremia gaixotasuna duten pertsonen elkartea diruz laguntzeko herri kirol erakustaldiak eta herri bazkaria egon ziren zapatuan [maiatzak 13].
10:30ean, umeen pilota partidekin hasi zuten eguna. Ondoren, umeen herri kirol erakustaldiaz gozatu zuten bertaratutakoek. Txokor batzea, giza probak, ingude altxaketa, saku lasterketa eta sokatira egin zituzten. Jarraian, Mendexako Etorbarri Herri Kirol Taldeko sei kidek erakustaldia eskaini zuten. Horiek, besteak beste, trontzan, ingude altxaketan eta txokor batzean duten trebetasuna erakutsi zuten.
130 pertsona batu ziren bazkaritan; 14:30ean bazkaldu zuten ume eta gaztetxoek eta 15:00ak aldera nagusienek.
Bazkalostean umeen jolasetan ondo pasatzeko aukera izan zuten, eta bederatzi zozketa egin zituzten. Saridun gehienak atera dira, baina oraindik bi sari geratzen dira banatzeko. Bata sari nagusiena da, Argatxeriako otzara bat, eta bestea Berrizko Ereña jatetxean otordu bat. Hauek dira oraindik saridunik ez duten zenbakiak: 278 (sari nagusia), eta 309 (Ereña).