30. Emakumeen Birako 2. etapa Markina-Xemeinen hasi eta amaituko da bihar [maiatzak 18]. Denetara, nazioarteko
hogei talde ariko dira norgehiagokan Lea-Artibai eta Mutrikuko errepideetan zehar.
Johansson eta Niewiadoma Markina-Xemeingo helmugan, 2015eko Emakumeen Biran.
14:15 ean hasiko da lasterketa Zelaian, eta antolatzaileek aurreikusten dutenez, txirrindulariak
16:42 aldera ailegatuko dira Elizatxiki ermitaren inguruan egongo den helmugara.
Denetara, 90,8 kilometro egin beharko dituzte parte hartzaileek. Mendate gogorrena, San Miguel izango dute, amaieratik ia 40 kilometrora. Horrez gain, Milloi Gane ere igo beharko dute.
30. Emakumeen Biraren 2. etaparen ibilbidea.
Euskal Herriko errepideetan egiten den emakumezkoen txirrindularitza proba garrantzitsuenak ikuskizuna ekarriko du, berriz ere.
Goi mailako parte hartzea egongo dela aurreratu dute. Beraz, atzerriko zein etxeko txirrindulari onenak ikusteko aukera eskainiko du. Besteak beste, Ane Santesteban Ace Cipollini taldeko txirrindularia, martxoko istriputik osatu eta berriz bizikleta gainean.
Zirkulazioa. Lasterketaren harira, zirkulazioan eta herriko errepideetan gora-beherak egongo dira. Hori dela eta, bihar kotxez libre egon beharko dira Osteko kaleko aparkalekua, Abesua kalea (zelaiaren beheko parteko bidea) eta Goiko Portala, lasterketaren antolakuntzak beharko dituelako.
13:15ean Etxebarrirako bidea moztu egingo da, Karmengo kaleko 14. zenbakiaren parean, Iturritxuko bidegurutzean, eta Bizkaibusa ez den beste ibilgailuak beste bide batetik bideratuko dituzte.