Iñaki Maruri eta Mitxel Santamaria Ondarroako eta Gernika-Lumoko aktoreak Madrilgo (Espainia) Zarzuelako Antzokian daude,
Enseñanza libre y La Gatita Blanca ikuskizunagaz.
Maiatzaren 6an estreinatu zuten obra, “arrakastaz” estreinatu ere. Ikuskizuna oso bestelako dela eta orain arte ez modura, Zarzuelako Antzokia bera ere egokitu egin dutela azaldu du Marurik. “Beheko jarlekuak kendu egin dira, ikuskizuna gune horretan garatzen delako; antzokia modaltuta dago”.
Esperientzia “oso ona” ari dela izaten esan du aktore ondarrutarrak. “Jende asko ezagutu dugu eta lantaldean ere giro ona da nagusi”. Marurik eta Santamariak antzezten duten pertsonaiak publikoari asko gustatzen zaizkiola eta, pozik daude bertoko bi aktoreak.
Santamaria eta Maruri, ezkerretik lehena eta bigarrena, hurrenez hurren. Argazkia: C. de luna
Betiko modura entseguak gogorragoak izaten badira ere, orain gozatzen ari direla gaineratu du Marurik. Halaber, momentuz publikoa ondo erantzuten ari dela dio. “Ikuskizuna ikusgarria da, eta eszenografia ere oso ondo dago. Gero,
ikuskizunean 100 lagun inguruk parte hartzen dugu: 20 dantzari, 25 abeslari koruan, 9 aktore eta 50 laguneko orkestra”.
Saioak
maiatzaren 28ra arte (egun hori barne) eskainiko dituzte;
sarrerak Internetez ere erosi ahal dira. Hemen ordutegiak:
- Maiatzak 18, 19, 20, 24, 25, 26 eta 27: 20:00etan.
- Maiatzak 21 eta 28 (domekak): 18:00etan.
Proposamena nola heldu zen. Enrique Vianak (zuzendaria) Maruri eta Santamaria aurretik ezagutzen zituen, Arriaga Antzokian egindako bisita gidatuetatik. Eta obra honetan parte hartzeko proposamena ere Vianak egin zien. Marurigaz eta Santamariagaz batera,
Gurutze Beitia da obran parte hartzen duen hirugarren aktore euskalduna.
Hurrengo proiektuak. Behin maiatzaren 28an obra honegaz amaitu eta gero, ekainean Glu Glu ekoiztetxeagaz umeentzako beste antzezlan bat entsegatzen hasiko dela aurreratu du Marurik. “Gero, hurrengo ikasturtera begira, beste cabaret bat ere prestatzen ari gara; hori urria aldera estreinatuko dugu”.
Maruri –ezkerrean– eta Santamaria –eskuman–, ikuskizunean. Argazkia: Javier del Real
Sinopsia. Enseñanza libre y La Gatita Blanca bi obra batzen dituen ikuskizuna da. Enrique Vianak zuzenduta, garai bateko musikari onenen lanak eskaintzen ditu ikuskizunak. “Testua originala da, txistes betetakoa. Kasu batzuetan, txiste batzuk ulertezinak egiten dira zenbaitentzat, eta beste kasu batzuetan askok txisteak matxistak direla iritzi ahal dute”. Eta arrazoi horregatik sortu du ikuskizuna Vianak.
FITXA:
- Musika zuzendaria: Manuel Coves
- Agertokiko zuzendaria: Enrique Viana
- Aktoreak: Cristina Faus, Roko, Gurutze Beitia, Maria Jose Suarez, Iñaki Maruri, Mitxel Santamaria, Angel Ruiz eta Jose Luis Martinez.
- Eszenografia: Daniel Bianco
- Jantziak: Pepe Corzo
- Argiztapena: Albert Faura
- Koreografia: Nuria Castejon
- Orkestra: Orquesta de la Comunidad de Madrid
- Koruak: Zarzuelako Antzokiko korua. Zuzendaria: Antonio Fauro.