Egitarau oparoa dakarte XVII. Iparraldeko Haizeek, asteburuan, Lekeitiora. Barikutik domekara egongo da bertoko zein iparraldeko musika, ikuskizun eta zaporeez gozatzeko aukera.
Aittitta Txiki kultur taldeak Lekeitioko Udalaren eta herriko talde eta elkarte batzuen laguntzagaz antolatutako jaiak indartsu joko du hiru egunetan.
Aurten ere,
bertso saioagaz emango diote hasiera jaiari, zapatuan, berriz, taberna-kuadrillen arteko
Gisau Txapelketak hartuko ditu kale eta txoko guztiak, eta domekan Iparraldeko eta Hegoaldeko produktuen
azoka prestatuko dute plazan.
Independentzia plazan egoten den azoka bereziko postuetako bat.
Sei bertsolari igoko dira aurten, Ikusgarri zineman egingo den Bertso saiora. Beti bezala, hegoaldeko zein iparraldeko ordezkaritza egongo da: Aissa Intxausti lekeitiarra, Alaia Martin oiartzundarra, Unai Iturriaga durangarra, Onintza Enbeita muxikarra eta Sustari Colina eta Odei Barroso urruñarrak.
Gaiak jartzeko ardura, berriz, Xabat Galletebeitia Lekeitioko bertsolariak izango du.
Musika eta dantzak. Gisatu usain gozoa zabalduko da herrian zehar, zapatuan. Taberna eta kuadrillek gaur izango dute azken eguna izena emateko. Etzi, berriz, sukaldari lanetan ibiliko dira Eskolapean edo herriko taberna aurre eta txoko ezberdinetan.
Gisatu txapelketako epaimahaia gisatuak probatzen.
Kuadrillek lanean diharduten bitartean, kalerik kale ibiliko dira, herriko giroa alaitzen, iparraldeko zein hegoaldeko musika eta dantza taldeak.
Baigorriko Gaiteroek eta
Arrola Dantza Taldeak bisitatuko dute, berriz ere, Lekeitio; aurten gainera, Urruñako
Kuxkuxtu txaranga ibiliko da egun osoan bazterrak pizten.
Azoka. Domekak, azkenik, iparraldeko zein hegoaldeko produktuak dastatu eta eskuratzeko aukera eskainiko du. Estreinakoz, azoka
domekan antolatzea erabaki dute Aittitta Txiki kultur taldekoek. «Gisatu Txapelketa zapatura aldatu genuen iaz, eta azokak eta txapelketak bat egiteak nahaste handia eragin zuen», azaldu dute. Horrela, Gisatu Txapelketan parte hartzen duenak azoka lasai ikusi eta gozatzeko aukera ere izango duela esan dute.
Aurten, gainera, aurreko urteetan baino iparraldeko
saltzaile gehiagok jarriko dituzte postuak. Guztira, iparraldeko 21 ekoizle egongo dira azokan, eta 15 izango dira bertokoak.
Azoka inguruetan ere, jai giroa izango da nagusi. Bertsoak, ardien ile mozketa eta Bote Luzea pilota jolasaren erakustaldia egongo dira. «Iparraldeko eta Nafarroako talde bi neurtuko dira Bote Luzean Paskual Abaroaren monumentuaren aurreko zabalgunean prestatuko duten zelaian», azaldu dute antolatzaileek.
EGITARAUA
Barikua (maiatzak 19)
- 20:15ean. Bertso saioa Ikusgarri zineman.
Zapatua (maiatzak 20)
- 10:00etatik aurrera. Taberna-kuadrillen arteko Gisatu Txapelketa Eskolapean eta tabernen inguruan.
- 11:30ean. Baigorriko gaiteroak kalerik kale.
- 12:00etan. Txistu-kantu kalejira Itxaropena Txistulari taldearen eskutik.
- 13:00etan. Lekittoko Joaldunak eta Aittitta Makurra Txaranga kalerik kale.
- 13:30ean. Gisatuen aurkezpena eta epaileen dastaketa.
- 15:00etan. Bazkaria Eskolapean eta taberna inguruetan.
- 18:00etan. Sari banaketa.
- 18:30ean. Arrola eta Etorkizuna dantza taldeen kalejira.
- 19:00etan. Dantza emanaldia: Baigorriko Arrola eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeak, plazan.
- 23:00etatik-01:00etara. Irungo Burrunba elektrotxaranga kalerik kale.
- Egun osoan. Kuxkuxtu txaranga kalerik kale herriko giroa alaitzen.
Domeka (maiatzak 21)
- 11:00etatik-14:30era. Iparraldeko eta hegoaldeko produktuen azoka plazan.
- 12:00etan. Poto Bertso Eskolakoen bertso saioa plazako kioskoan.
- 12:15etik-15:00etara. Ipar Arrinda ardiei ilea mozten, plazako monolito aurrean.
- 13:00etan. Hernaniko pilotarien eskutik Bote Luzea erakustaldia plazan.